Oiartzungo akta zaharrak: Elikaduran murgilduz, mokaduak eta oturuntzak (II)

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

II. Mokadu bereziak: jaietako gozemateak

Zaila da elikadurari buruzko informazioa udal-aktetan topatzea. Phiko kontu ugari, gizarteak guztiz barneratua zituenak eta arazorik ematen ez zutenak oso gutxitan aipatzen dira agirietan. Badira gaia ikertzeko euskarri interesgarria osatzen dutenak, breziki ezohiko ekitaldietan prestatutakoak. Horri zukua atera nahian, gutiziei leku egingo diegu; ezohikoagoak diren jakiei eta gertakari edo ekitaldi bereziak ospatzeko garaian burutzen zirenei, egunerokotasunean kontsumitzen zena baina gauza bereziagoak topa ditzakegulako.

Jai egunak izaten ziren, gertakari erlijiosoetan oinarritutako edo kristautasunak moldatutako egunetan. Urtean zehar jai egitea aukera ez ezik, derrigorrezkoa izaten zen: igandeetan eta jai egun orokor edo nagusietan eta azken hauen bezperatan. Gauzak honetal, gauza izan ditzakegun jai egunekin alderatuta, egoera ez zen oso ezberdina. Zenbait ikertzailek egindako kalkuluen arabera, eta tokian tokiko ospakizunak aintzat hartu gabe, Gipzukoan XVI. mendean 100 jai egun inguru ziren (XVII. mendeko Kataluinian, esaterako, teoria eta egunerokotasuna uztartuta, egile batzuek urte erdia jai egun zela iradoki dute!).

Oiartzuni gagozkiola, Corpus egunean dantzariei ematen zitzaien bazkaria dugu. Lerrorik nagusienetan, hauen inguruko berriak aipamen orokorrak dira, zehaztasun gutxikoak. Mariana Zubietak hartutako lanen berri dugu; 1679an, adibidez, 36 laguni jaten eman behar izan zien eta biru urte beranduago ezpata-dantza egin zuten 51 gizoni.

Herriko jairik nagusienetakoak Done Ezteberi lotutakoak ditugu. Alde batetik, santuaren beraren eguna, abenduaren 26an ospatzen zena eta bestetik, bere gorpua aurkitu zenekoa (Done Ezteberen Aurkikuntza zeritzona), abuztuaren 3an. Udako giro goxoan izanik, ospakitzun dibertigarriak antolatzeko aukera ematen zuen jai horrek: nagusiak, zezenketak eta antzara.jokoa izaten ziren. Zezenketak ikusteko oholtzan esertzen ziren autoridadeei askari edo mokadua ematen zitzaien, gozemate izenekoa. 

Izenak berak dion bezala, gozoa zen, zapora horrek garai hartan zuen ospe eta sonaren seinale. Martin Ibarburu Aranederrak, 1713ko zezenketetatarako, gozokiak eta frutak eskaintzeaz gain, Tolosatik bi arroa elur ekarri zituen eta, halaber, bi zezenketan zehar oholtzan izan zirenei zahagi bat ardo eta azkeneko zezenketaren ondoren dantzan atera zirenei edatekoa ere eman zien: "traer de la villa de Tolossa una carga de niebe... un pellejo de bino en las dos funciones y en dar refresco a los que salieron en la danza".

Bost urte beranduago datuak aberatsagoak dira. Elurrarekin batera, lehenengo zezenketarako 14 libra bizkotxo ekarri ziren, baia 20 libra (10 kilo inguru) udare ere, gehi antzara-harrapaketan parte hartu zutenentzako edatekoa. Oso antzekoak dira Manuel Lekuonak 1730eko zezenketetan izandako elikagarien gastuen kontzeptuak: Tolosatik ekarritako zama bat elur, bizkotxoak, lau arroa ardo (gozematean eta alero-dantzan hornitutakoa), baita udareak ere; azken hauek 1718an baino dezente gehiago izan ziren: 56 libra.

1729an Marina Antonia Aristizabal arduratu zen zezenketa egunetan askaria eta gozematea emateaz: bizkotxoak, gozokiak eta esponjak (uretan sartzen ziren zapo re eta kolore anitzeko azukre-koxkorrak) banatu zituen. 1741ean, Maria Antonia Ariztizabalek freskagarri, gozemate edo mokadurako bizkotxoez gain, marquesote edo markes-opilak ekarri zituen, hau da, erronbo formadun opilak, arroz edo arto-irinez, arrautzez, azukrez eta bestelako osagaiz eginak eta labetuak.

Urtsula Unsein edo Unsain ardo-tabernari eta sagardo ekoizleak 1721eko bi zezenketa egunetan emandako askariak aurrekoak baino itxurosoagoa zirudien. Horiek gozotik ere bazuten, eta bestelako gutiziak dastatzeko aukera ere izan zen: oilaskoak, oilandak, urdaiazpikoa, arrautzak, fruta, esponjak, bizkotxoa, elurra, ardoa, baita espeziak eta garia ere. Horiek prestaketa behar zuten eta Urtsula bera izan zen arduraduna, 20 errelaeko lansariaren truke: "por la ocupazión y trauajo que a tenido en dichos días en disponer dichas colaciones".

Adibide bereziagoak ere badaude, sortzez Asteasekoa zen Matias Ramirez Arellano botikari-maisuarena, kasu. Bailarako botikari izendatu zuten 1729 urtean bertan zezenketen bi egunetan gozematearen edariak prestatzeaz arduratu zen, osagao modura limoiak, almendrak, azukre txuria, kanela eta meloi- eta kuia-haziak erabiliz. Ziurrenik freskagarri edo azukre-ur desberdinak egingo zituen, edo agian esne-edariak, almendrarekin egindakoak bezalakoak. 

Egunerokotasunaren printza batzuk (I)

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: Elikaduran murgilduz, mokaduak eta oturuntzak (II)