Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Eusko Jaurlaritzak EAErako 2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako plana argitaratu eta jendaurrean jarri du. Hobeki Elkarteak (hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkartea) atzo agerraldia egin zuen Hernanin, Jaurlaritzak aurkeztu duen plana hobetzeko egin duen lanketa eta prestatu dituen alegazioen berri emateko.
Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotzi eta alkateordeak ere parte hartu zuen agerraldi horren, Oiartzungo Udala, Hobekiko kide den aldetik, bat egiten duelako ekarpenekin.
Atzo Hobekiko kideek aipatu zutenez, "ezinbestekoa da EAEn Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako plan bat izatea. Are ezinbestekoagoa, plan hau ahalik eta eraginkorrena izatea. Gure asmoa, plan hau hobetzeko gure ekarpena egitea izan da. Espero dugu Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritzak ekarpen hauek guztiak kontuan hartuko dituela. Gu lankidetzarako prest gaude".
Kokapena
2021eko maiatzaren 12an Eusko Jaurlaitzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritzatik, 2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako Plana argitaratu eta jendaurrean jarri zen.
Argitarapen honen ondotik, Hobeki Elkartean erabaki zen EAEko udalen artean deialdi ireki bat egitea, denen artean plan honen irakurketa konpartitu bat egin eta ahalik eta ekarpenik esanguratsuenak eta egokienak egiteko asmoz, "plan honek dituen indarguneak azpimarratzeko eta hutsuneak betetzeko helburuz". Asmo horrekin, lau saiotan elkartu dira hainbat Ingurumen teknikari eta udal ordezkari.
Hobeki Elkartearen xede nagusia da hondakinen kudeaketa eredugarriak sustatzea. Baita norabide horretan, Euskal Herriko udalak lagundu eta babestea ere.
Planari egindako ekarpenak
Planari dagokionez, "ezer baino lehen, hasiera batean gaztelera hutsean argitaratu zela" aipatu zuten. Honen aurrean, hainbat udalek plan hau euskaraz ere argitaratzeko eskatu zuten. Eskaera horri erantzunez, uztailean atera zen euskarazko bertsioa, "baina oraingoan ere, planaren zatirik mamitsuena, funtsezko jardueren deskribapena, gaztelera hutsean argitaratu da". Beraz, oraindik euskara hutsez argitaratu gabe jarraitzen du, eta honen harira, alegazioen hitzaurre moduan, Hobekik eskatzen du2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako Plana euskara hutsean argitaratzeko.
Bestelakoan, planean agertzen denari dagokionez, bederatzi alegazio eta hainbat eskaera osatu dira. Hauek:
Lehen alegazioak eskatzen duena da plan honetan agertzen diren helburuak zein puntutaraino diren arau-emaileak eta lotesleak zehaztea. Ez dadin plan hau asmo hutsean geratu.
Bigarren alegazioan berriz, eskatzen da planak bere baitan jaso ditzala indarrean dauden legedi eta araudiek ezarritako edukiak, eta berma dezala eduki horiek bat datozela mota honetako plan batek jarraitu behar dituen araudietan finkatutako ildoekin.
Hirugarrenean eskatzen da behar bezala bermatu dadila Aarhuseko hitzarmenean markatutako parte-hartze prozesua. Izan ere, planean deskribatzen den orain arte emandako parte-hartze przoesuak ez baitio hitzamren honen ezaugarriei erantzuten.
Laugarrenean eskatzen da Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan honek jasotzea udalek hiri-hondakinak kudeatzeko duten berezko eskumena.
Laugarren honekin nolabaiteko lotura dut bostgarren alegazioak. 3. funtsezko jardueran, ia nahigabean eta paragrafo baten erdian galduta aipatzen baita HHKO (OCRU) "organo betearazle eta erabakitzaile ofizial" izendatzeko aukera. Hobekiren eskaera da asmo hau bertan behera geratzea, besteak beste, HHKO bi erakundeen arteko koordinazio gune bat baino ez delako eta ez denez administrazio-organo bat, ez duelako halako ardura eta zereginak egiteko izapiderik.
Seigarren alegazioan eskatzen da aurkez daitezela kronologikoki garatuta egongo diren aurrekontuak, diru kopuru horien partida zehatzagoak definituz, erabilpena zehaztuz eta antolaketa definituago bat adieraziz. Plan honetan funtsezko jardueretan agertzen diren aurrekontuak ez zehatzak eta, hainbatetan, akatsez josiak daude.
Zazpigarrenean, plan honen jarraipena zehaztea eskatzen da. Adierazleak kalkulatzeko formulez gain, orobat azaltzea nolakoak izango diren adierazle horien informazio-iturriak eta tratamendua, edo nola zabaldu eta kontsultatuko den jarraipenerako informazioa, besteak beste.
Zortzigarren alegazioan funtsezko jardueretan topatu diren hainbat hutsune zuzendu eta hobetzeko ondoko proposamenak zehaztu dira:
- Lehenengo funtsezko jardueran hondakinen sorrera gutxitzeko industriara bideratutako diru laguntzez ari da, besteak beste. Eskatzen dena da bermatzea hor planteatzen diren diru laguntzak hondakinen prebentziora bideratuko direla.
- Bigarren funtsezko jardueran kontraesanak topatu dira. Izan ere, zabortegiak itxi eta aldi berean zabortegiak handitzea, jarduera berean kokatu baitira. Beraz eskatzen da zabortegiak handitzeko aukera erabat murriztea.
- Hirugarren funtsezko jardueran hondakinei dagokien hainbat lege-garapen agertzen dira oso modu nahasian. Tartean, sorkuntzaren araberako ordainketa arautzea. Gai hau hondakinen prebentzioan ezinbestekoa dela kontutan hartuta, Hobekitik eskatzen da plan honek bermatu dezala sorkuntzaren araberako ordainketa-eredu bat sustatuko dela EAEn.
- Laugarren funtsezko jardueran, zabortegietara bideratutako hondakinen kanona aipatzen da. Gure eskaera da kanon hau errauste plantara bideratutako hondakinei ere ezartzea, kanon bera zatea EAEko hiru probintzietan eta kanon hauetatik jasotako diruaren % altu bat hondakinen prebentziora eta toki erakundeetara bideratzea.
- Seigarren funtsesko jardueran, hondakinen tarteko-biltegiratzerako, soluzio publiko/pribatua planteatzen da, egiko modu hau hondakinen kudeaketa eredu hoberena balitz bezala. Zaldibarren gertatutakoak gertatuta, eskatzen dena da azpiegitura hauek erabateko kudeaketa publikoa izatea, hau izango baita kontrol eta baldintza egokiak betetzen direla bermatzeko modu eraginkorrena.
- Zazpigarren funtsezko jardueran, zabortegietan bukatzen duten plastikoei irtenbidea bilatze asmotan, plastiko hauek bereziki erraustegira bideratzea aipatzen da. Honen aurrean, Hobekitik hondakinen kudeaketarako hierarkia errespetatzeko eskatzen da. Esaterako, plastikoaren prebentziorako ekintza sorta bat osatuz.
- Bederatzigarren funtsezko jarduera edukiontzien berrerabiltze eta kalitate altuko birziklapenari buruzkoa da eta SDDR sistemetan jartzen du azpimarra. Hobekitik hainbat zuzenketa planteatzen dira: batetik, kalitatezko birziklapena zer den zehaztea; bestetik, honek guztiak bete beharreko epe, merkaturatze eta diseinu obligazioak ezartzea, eta baita honen guztiaren kontra doazen ekintzak debekatu eta zigortzeko araudia zehaztea ere.
Bederatzigarren alegazioa bio-hondakinei buruzkoa da. Izan ere, deigarria da hondakinen prebentzio plan bati buruz ari garela kontuan hartuta, plan guztian zehar luarraren, konpostagailuen edota auzo-konpostaren inongo aipamenik ere ez jasotzea. Honen aurrean, Hobekitik, bio-hondakinak kudeatzeko hainbat neurri plan honen barnean sartzea eskatzen da:
- Elikaduraren xahubideari aurre egiteko neurriak.
- Udal guztietan bio-hondakinen bilketa ezartzea.
- Bio-hondakinen kudeaketan gertutasun printzipioa lehenestea.
- Bio-hondakinetatik sorturiko konpostaren erabilera anitza sustatzea (nekazaritza, lorazaintza, obra publikoak...).
Aurrez aipatutako bederazi alegazio hauetaz gain, hamargarren puntuan ondoko eskaerak batu ditu Hobekik:
- EAEn pixoihalak birziklatzeko aukera ezartzea.
- Plangintza honetan gailuen "konpontzeko eskubidea" sartzea.
- "Ekoizlearen erantzukizun zabaldua" ezartzea.
- SDDR sistemak RAEEentzat ere aurreikustea (gailu elektronikoak).
- Fluxu espezifikoetan (gurpilak, metalak...), zirkulartasuna bultzatzeko neurriak sustatzea.
- Plan honek Ekonomia Zirkularraren EAEko planarekin nola bat egingo duten zehaztea.
Aipatu berri diren alegazio eta eskaera hauek guztiak EAEko udal guztien esku jarri ditu Hobekik, udal bakoitzak alegazio hauek bere erara moldatzeko aukera izan dezan. Alegazioak aurkezteko azken data abuztuaren 17a da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika