Eneritz Arbelaitz, Ingurumen eta Landa Lur zinegotzia: Helburua beharrezkoa ez den hondakinik ez sortzea da

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2010eko maiatzaren 23an, igandea, jarri zen martxan atez ateko bilketa sistema Oiartzunen. Hortaz, hamar urte bete dira oiartzuarrak sistema hori erabiltzen hasi ginenetik. Hamar urte hauetan egindako lanak fruituak ematen jarratzein du. Gaur egun, oiartzuarron hondakinen %81,5 gaika sailkatzen dugu. Atez ateko bilketarekin hasi ginenetik, gaikako bilketa tasa erruz igotzeaz gain (aurretik %33koa zen), tasa hau %80aren gainetik mantentzen dugu.

Eneritz Arbelaitz Ingurumen eta Landa Lur zinegotzi zein alkateordeak hamar urte hauetan egindako bilakaeraz aritu da.

Ohitura aldaketa txiki batek hondakinen kudeaketa eredua iraulu zuen duela 10 urte Oiartzunen.

Norberak etxean egin dezakeenak zein ondorio dituen ikusteko adibide garbia izan zen. Guztiok sortzen ditugu hondakinak eta horren inguruko kontzientzia hartu eta herritarrak heziz gero, ingurumenarentzako eta osasunarentzako izandako onura ikaragarria dela ikusi dugu.

Egun, Oiartzunek sortzen dituen hondakinen zenbat biltzen da gaika?

Egunero etxean sortzen ditugun hondakinak kontuan hartuz (organikoa, ontzi arinak, papera eta kartoia, beira eta errefusa) %80,3 da gaika biltzen duguna. Garbigunean bildutakoa gehituz gero, %84,14. Eta kale garbiketakoa ere gehituz gero, %81,5.

Hamar urte igaro ondoren zein da egiten duzun balantzea?

Ohitura aldaketa nagusia duela hamar urte egin genuen. Hala ere, argi dago hondakinen kudeaketan lanean jarraitu beharra dagoela. Ezin da erlaxatu. Hondakinen inguruko guztia oso loturik dago jendarte ereduarekin: erabili eta bota eredua, gauza berriak etengabe erosten aritzea... Bizimodu motaren arabera hondakin gehiago edo gutxiago sortzen da. Beraz, uste dut lortu dugula hondakinen kudeaketaren arazoa plazaratzea eta gutxienez hondakinak gaika sailkatzea oinarrizkoa izatea, baina oraindik asko dugu hobetzeko hondakinen murrizketaren arloan.

Zenbait arlotan oraindik hobetu daiteke birziklatze tasa? 

Helburua ez da birziklatze tasa hobetzea. Helburua beharrezkoa ez den hondakinik ez sortzea da, zero zabor esaten duguna. Hondakinen kudeaketaren lehenengo printzipioa murrizketa da, ondoren berrerabiltzea eta azkenik birziklatzea. Beraz, printzipio horietan sakondu behar dugu, gaikako bilketa hobetzen baino. 

Zein da hurrengo 10 urteetarako helburu nagusia? 

Hondakinen kudeaketan etengabe urratsak eman behar ditugu. Hondakinen gaikako bilketa hobetzeko, baina batez ere lehen aipatu bezala hondakinen murrizketak izan behar du gure erronka. Errefusa asko sortzen dugu orandik, ikaragarria da kale garbiketan biltzen den kopurua ere. Errefusa asko murriztu liteke oraindik. Orain arte gaikako bilketako portzentajea aipatzen aritu gara, baina hondakinen inguruan Oiartzunen nola gauden jakiteko beste datu batzuk aztertzen ere hasi behar dugu, zenbat errefusa sortzen den biztanleko, adibidez. Datu hori hobetzea izango da helburuetako bat. Bestalde, hondakinen atez ateko bilketarekin lortu dugu hondakinak egoki sailkatuta bidaltzea birziklatzera. Eta hori ikusten dugu inpropioen portzentaje baxuak ditugulako. Hori mantendu egin behar da gutxienez. 

Atez ateko hondakinen bilketan aldaketarik eragin al du koronabirusak?

Atez ateko hondakinen bilketa oso sistema pertsonalizatua da. Hori dela eta, koronabirusarekin kutsatutako herritarren hondakinen bilketa ere pertsonalizatua izan da.

Nola berrantolatu da bilketa?

Berrogeialdian zeuden herritarren hondakinak atez ateko gaueko bilketatik kanpo antolatu ditugu. Modu horretara, hondakinak ez dira beste herritarren bilketarekin batera biltzen eta modu berezituan jasotzen ditugu. Koronabirusaren osasun krisi honetan hausnarketa ugari egiten ari gara. Zer nolako bizimodua dugu? Zein da gure jendarte eredua? Hondakinen gaia ere hor kokatu behar dugu. Orain arte bizitu dugun eredu honek sortzen ditu hondakinak baliabideak xahutuz eta sortzen ditue ondorioak kontuan hartu gabe. Ekonomia zirkularraren ideia teoriatik praktikara eraman behar dugu. Lurraren zaintza eta baliabideen kontserbazioa kontuan ez badugu hartzen, lehen bezala jarraituko dugu.

Gehigarriak

Eneritz Arbelaitz, Ingurumen eta Landa Lur zinegotzia: Helburua beharrezkoa ez den hondakinik ez sortzea da