Josu Delgado, Euskara zinegotzia; Behin-behineko egoera honek egoera iraunkor bat jarri du agerian, euskararen tokia ustezko gizarte elebidunean

Larrialdi egoerak behartuta, Euskara sailak ere bere jarduna egokitu behar izan du

Euskara saila nola ari da moldatzen larrialdi egoerara?

Etxetik ari gara lanean egoerak hala behartuta. Orain arte oso gutxitan ibili izan ditugun moldeen arabera ari bagara ere, gure jarduera ez da eten: bideo-bilerak egiten ditugu maiz, e-posta bidezko hartu-emana areagotu behar izan dugu, telefono deiak hartzen ditugu Euskara Zerbitzuaren bulegotik desbideratuta... Era berean, Oiartzun Irratiaren eta sare sozialen bitartez, gure mezu eta asmoen berri segitzen dugu ematen.

Bestalde, ezustean harrapatu gaituen behin-behineko egoera honek bat ere ustegabeko ez zaigun egoera iraunkor bat jarri du agerian beste behin ere: euskararen tokia ustezko gizarte elebidunean, hain zuzen ere. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kexa kopuru handia jaso du alarma-egoera hasi zenetik: Osasun Arloko argibideka erdara hutsez, Sergutasun Indarrek herritarrak erdaraz egitera behartzen, langileentzako oharrak erdara hutsez, Administrazio Publikoetako zenbait sailetan mezuak erdara hutsez, Justizia Administrazioaren zirkularrak erdara hutsez...

Errenta aitorpena martxan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. On-line onartu daiteke dagoeneko proposamena. Udalak berriz euskaraz egitera animatu ditu oiartzuarrak, ezta?

Errenta Aitorpena euskaraz egitea ez da keinu soil bat, erantzukizun-adierazle bat da. Euskara hautazkoa da gizarte elebidunean -Nafarroan eta Iparraldean ezta hori ere-. Biziraungo baldin badugu, gure etorkizuna norberak egiten dituen aukeraketa txiki horiekin osatuko da, eta gutako bakoitzak nola egiten dio Administrazio Publikoari oso garrantzitsua da. Oiartzunen, 2005ean hasi zen Errenta Aitorpena euskaraz egiteko kanpaina; orduan, %6k egin zuen hala, eta iaz, berriz, %37k. Datu hori ona da, baina badugu oraindik tarte zabala hobetzeko. 

Gaur egun, Errenta Aitorpena euskaraz egitera deitzen dugu UEMAko herriekin eta Oarsoaldeko gainerako hiru herriekin batera. Oraingoz, Aitorpena on-line bakarrik egin daiteke; mekanizatua egiteko aukera hasten denean, hura egiten lagunduko digun langileari euskaraz egin nahi dugula esan beharko diogu. Bide batez, gogoratu Oarsoaldeko Euskara Batzordeak bi lagunentzat otordu bat zozketatzen duela herri bakoitzean, noski, euskaraz egiten dutenen artean.

'Etxealditik Euskaraldira' proposamena martxan jarri berri da Euskal  Herri mailan, Euskaraldiaren sustatzaileen eskutik: zer da? Oiartzunen nola egingo da?

Etxealditik Euskaraldira apirilaren 20tik maiatzaren 3ra egiteko proposamena sortu zen Euskaraldiko sustatzaileen arteko bideo-bilera batean. Itxialdian, etxea bihurtu zaigu ezinbesteko solastoki etxekoekin, senitartekoekin, lagunekin, lankideekin eta ezagunekin. Hau da, etxe gehienetan komunikazioa areagotu egin dela ikusita, gure hizkuntza-ohiturak aztertzea proposatu digute ekimen honen bitartez. Azterketa horren ondorioz, beharko genuke gure portaera aldatu edo finkatu. Etxealditik Euskaraldira era berean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den Euskaraldiko prestakuntza izatea nahi izan dute. Egunez egun, antolakuntzan ari direnengandik iristen zaizkigun erronkak edo jarduerak zabaltzen ari gara oiartzuarren artean, guk ere erreparatu diezaiogun gure hizkuntza-jarduerari esparrurik ia barnekoenean.

Euskaraldiaren prestaketa martxan zen Oiartzunen larrialdi egoera aurretik. Lanean jarraitzen al da?

Bai, segitzen du orain arteko moldeak aldatuta eta muga askorekin. Izan ere, aurtengo Euskaraldiak entitateak ditu helburu, eta begi bistakoa da enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteekin aritzeko baldintzak asko zaildu direla. Nolanahi ere, telefono eta internet bidez lanean ari gara, bai entitateekin, bai osatu ditugun lantaldeetan ere. Itxialdia hasi baino lehen, gure asmoa zen aste hauetan herriko entitateetara joatea, haiekin biltzea eta Euskaraldia zertan izango den azaltzea. Horretarako propio lantalde bat dugu osatua eta lagun bat lanean. Plangintza txukun ari ginen betetzen.

Oztopoak oztopo, segituko dugu biltzen entitateekin modu batera edo bestera; apirilaren 20an lehen bilera irekia egin genuen haiekin, eta oso balorazio positiboa egin dugu. Oiartzuarren eskatu nahi diegu haiek parte hartzen duten entitateetan Euskaraldia zabaltzen laguntzeko.

Kuadrillategi egitasmoa presentzialki bertan behera geratu da, baina ez da erabat geratu. Egoera berrietara moldatu da, ezta?

Kuadrillategik ezin ditu ohiko jarduerak egin. Oraingo egoerak irauten duen bitartean, hezitzaileak hainbat jolas eta erronka zabaltzen ari dira instagram eta blog baten bitarteaz. Eskuko telefono batean deiak jasotzen ari dira gazteekiko eta gurasoekiko zuzeneko harremanari eusteko. Bestaldea, eskualdeko hezitzaileek, koordinatzaileek eta teknikariek batean eta bestean sortzen diren ideien berri izaten dute. Orain, Kuxkuxeroak egitasmoa internet bidez eskaintzean aztertzen ari dira teknikariak. Eskualdeko hainbat lagun ospetsu zen gazteekin elkartzekoa: musikariak, kirolariak... Bertatik bertara ezin denez, galderak nola bildu eta erantzunak nola zabaldu erabaki behar dute. Gogoratuko dugu hemen zer harreman mota ezarri dugun:

- Eskuko telefonoa: 686 966 942

- E-posta: kuadrillategioiartzun@gmail.com

- Bloga: kuadrillategioiartzun.blogspot.com

- Instagram: kuadrillategi oiartzunen

On-line aisialdi aukerak zabaltzen ari dira. UEMAk deia egin du aisialdia euskaraz kontsumitzeko. Horregatik, saiakera egin du euskarazko aisialdia biltzeko. Zein garrantzia du aisialdia euskaraz izateak?

Bai, UEMAk bildu eta gure esku jarri du hainbat baliabide bere webgunean. Hor aukera asko dugu itxialdia arintzeko: erlaxazio- eta gimnasia-ariketak, haurrentzako zein helduentzako yoga, mindfulness, zumba, pilates, fitness, kardio, meditazioa...Itxialdiak zer zekarren ikusita, zenbait udalek, elkartek eta hedabidek tankera horretako ariketak zabaldu dituzte interneten. Horietaz gain, lehendik ere baziren nahi adina sarean. Horietatik guztietatik oso gutxi dira euskaraz daudenak. UEMAk bilketa lan polita egin du.

Bertan behera geratuko al da ikasturte honetan Euskara sailak egitekoak zituenak, adibidez, LH 5. eta 6. mailako herriko ikasleen bertso saioa?

Hainbat asmo eta proiektu bertan behera utzi behar izan dugu edo oso baldintzatuta hau dena hasi zenetik; itxialdia hasi eta berehala, etorriberriei egin behar genien harrera ekitaldia-bertan behera geratu zen, esate baterako. Ikasturte bukaerako bertso saioan, Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Herri Eskolako LH5 eta 6ko ikasle asko biltzen dira Madalensoron; garbi aski ikusten da ekitaldi hori ezingo dela egin. Ekitaldi horretan, ikasleek ikasturtean zehar landu eta ikasi dituztenak erakutsi egiten dituzte, eta, horrela, borobildu egiten dute urteko jarduna. Harremanetan gaude herriko ikastetxeekin eta Bertsozale Elkarteako Ander Lizarraldarekin borobiltze hori nola egin erabakitzeko.  

 

Gehigarriak

Josu Delgado, Euskara zinegotzia; Behin-behineko egoera honek egoera iraunkor bat jarri du agerian, euskararen tokia ustezko gizarte elebidunean