Eskola Kirolera bizikletaz gehien desplazatu den eskualdeko ikastetxea Elizalde Herri Eskola izan da

Gaur banatu dira jarrera jasangarriak saritzeko opariak

Oarsoaldeko Kirol Mahaiak gaur egin du Eskola Kirolera desplazamendu berdeak (bizikletaz, oinez, auto partekatuan, garraio publikoan) saritzeko ekitaldia, Elizalde Herri Eskolan. Bosgarren urtez, Oiartzungo ikastetxea izan da bizikletaz desplazamendu gehien egin dituen eskualdeko ikastetxea, eta horregatik egin da bertan sari-banaketa.

Eneritz Arbelaitz alkateordea izan da bertan, sariak banatzen. Elizalde Herri Eskolak bi biziketa jaso ditu opari: Beñat Irastorza eta Alaitz Zudaire ikasleak izan dira ordezkari. Hauek, era berean, Errenteriako Koldo Mitxelena eskolari oparitu dizkiete bi bizikletak.

Desplazamendu berde gehien egin dituen ikastetxea Trintxerpeko Karmengo Ama izan eta bizikletaz gehien ibili den ikaslea, Pasaia-Lezo Lizeoko Unax Hernandez.

Eskola Kirola, iraunkorra

Oarsoaldeko Eskola Kirola osatzen duten eragile guztiei esker (udal eta Kirolaisi XXI-ko teknikariak, ikastetxeetako koordinatzaileak, hezitzaileak, gurasoak...) asteburuetan egiten diren joan-etorriak ahalik eta modu jasangarrienean burutzea helburu duen asmoa sustatzeko kanpainak fruituak ematen jarraitzen du.

Aurten 1.000 joan-etorritik gora egin dira bizikletaz, orain arteko emaitzarik onena, eta haurren %45a ez da bakarka kotxean desplazatu. Eskola Kirolean izena eman dauden haurren kopurua ia 1.400ekoa dela jakinda, emaitza hauen dimentsioa esanguratsua dela ezin da ukatu. Beraz, honek gure helburua betetzeko bidean lan egiteko konpromisoak sendoa izaten jarriatu behar duela adierazten digu.

Sustapen plan honek osasuntsu egoten jarraitzen duen arren, lanean jarraitu behar dugu Oarsoaldeko Eskola Kirolak ahalik eta jasangarriena izaten jarrai dezan.

Gehigarriak

Eskola Kirolera bizikletaz gehien desplazatu den eskualdeko ikastetxea Elizalde Herri Eskola izan da