Txara eremuko Orio Txoko Txikiren auzia bukatu da, Udalaren alde

Martxoko protokolo gastua 0 € izan da

Martxoko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Landu ziren gai guztiak ahobatez onartu ziren.

Txarako eremu baten inguruan Udalak eta Orio Txoko Txiki immobiliariak zuten auzia bukatu dela jakinarazi zitzaion atzo udalbatzarrari.

Orio Txoko Txikiren jabetzako eremu baten desjabetzak eragin zuen auzibidea: Udalak eremu hori landa lur gisa tasatu eta horren arabera ordaindu zuen. Enpresak, aldiz, lur urbanizagarri gisa baloratu eta ordaintzea nahi zuen.

Epaitegiek Udalari arrazoia eman zioten, eta sententzia eta errekurtsoen bidea egin du gaiak. Orain, enpresak aurkeztutako kasazio errekurtsoa ez du onartu auzitegiak, Udalak aurkeztutako argudioak onartuz, eta bukatutzat eman da auzia.

Jexux Leonet alkateak (EH Bildu) Udaleko zerbitzu juridikoak "zoriondu" zituen. "Prozesu luzea eta presio handikoa izan da hau. Lan txukuna egin da eta horregatik, sententzia Udalaren aldekoa izan da".

Hitzarmenak eta dirulaguntzak

Xorrola herri barruko autobus zerbitzua Gipuzkoako garraio publikoaren tarifa bakarrean egon dadin, Gipuzkoako Garraio Agintaritzarekin hitzarmen berria onartu zen.

Oiartzunen euskara sustatzeko jardueretarako dirulaguntzen oinarriak ere onartu ziren. 72.000 € bideratuko dira.

Hoez gain, Hitz Hots Elkartearekin 2021eko hitzarmena ere onartu zen. Oiartzun Irratiaren funtzionamendurako 54.700 € bideratuko ditu Udalak.

Martxoko protokolo gastua 0 € izan da.

Migratzaileei laguntzeko baliabideak aztertzeko proposamena

Eskari-galderen momentuan, EAJk migratzaileen inguruan "pertsonak erdigunean jarri eta etorkinak laguntzeko Oiartzunen egon daitezkeen baliabideak aztertzea" proposatu zuen. Migrazio-gaiak Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze Gorriak kudeatzen dituzte, eta Janire Mitxelena bozeramaile jeltzaleak onartu arren "ez direla Udalarekin harremanetan jarri", gaiari heltzea eskatu zuen, "agian jarriko baitira".

Jexux Leonet alkateak Udala "gai honen inguruan lan egiteko irekia" dagoela adierazi zuen. Gogora ekarri zuen duela parte bat urte Eusko Jaurlaritza Udalarekin harremanetan jarri zela migratzaileei laguntzeko baliabideen inguruan galdetuz eta Udalak "ekarpena" egin zuela.

Bi alderdietako bozeramaileek Oiartzun "herri solidarioa" dela azpimarratu zuten.

Gehigarriak

Txara eremuko Orio Txoko Txikiren auzia bukatu da, Udalaren alde