Oarsoaldeko lau udalek aurkeztu dute eta izen-ematea egiteko epea zabalik dago.
Prentsaurrekoa Pasaian egin zen, eta bertan izan ziren lau udalerrietako kirol zinegotziak: Leire Mazizior (Errenteria), Mireia Kuesta (Lezo), Edorta Fernandez (Oiartzun) eta Julen Rodriguez (Pasaia). Ekitaldian UDA 2025 Kirol Kanpainaren xehetasunak aurkeztu zituzten, eta lau udalerrien arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten.
Kanpaina hau Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaiak antolatu eta bultzatu du, aurreko urteetan izandako arrakasta oinarri hartuta. Helburua argia da: lau udalerrietako baliabideak modu eraginkorrean uztartu eta herritarrei kirol eskaintza zabalago eta askotarikoagoa eskaintzea.
UDA 2025 Kirol Kanpainaren barruan, hainbat kirol jarduera eskainiko dira lau udalerrietan:
piraguismoa, arrauna, txirrindularitza, paddle surf-a, igeriketa, gimnasia erritmikoa, dantza, eskalada, gazte fitnessa, bela, urpekaritza, aquagym-a, zumba, indoor cycling, zirko tailerrak, tenisa, pilota, judoa, paddela eta txirrinda eskola, besteak beste. Eskaintza zabala eta askotarikoa da, gustu eta adin guztietarako jarduerak barne hartzen dituena.
Udako kanpaina izanik, azken urteetan bezala, ITSASOArekin lotutako jarduerei indar berezia eman nahi izan diete antolatzaileek. Aurten ere aukera izango da piraguismoa, arrauna eta paddle surf jardueretan parte hartzeko.
Udalek herritarrak animatu nahi dituzte jarduera horietan parte hartzera. Ekintza hauek ingurune naturalean egiten dira, eta badia beste ikuspegi batetik ezagutzeko eta bizitzeko aukera paregabea eskaintzen dute.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika