Herri jasangarriagoa lortzeko lehen Mugikortasun Plana onartu dute

Datozen bost urteetarako erronkak eta ekintzak zehaztu dituzte.

Oiartzungo joan-etorri nagusiak dira auzoetatik kalera igo edo jaistea, erosketak egitera joatea, ikasturtean zehar haurrak ikastetxera eramatea eta, gero eta gehiago, lanerako herritik kanpora ateratzea. Joan-etorri askoko herria da Oiartzun eta, gaur gaurkoz, norberaren ibilgailu propioa da mugitzeko erabiltzen den garraiobide nagusia.

Errealitate hau aldatzeko osatu dute Mugikortasun Plana. Atzoko udalbatzarrean onartu zuten aho batez. Pausoz pauso, kotxearen lehentasuna gutxitu eta mugikortasun jasangarriago eta osasuntsuago baten alde egitea du helburu. Norabide horretan, datozen bost urteetan Udaletik bultzatuko diren mugikortasun politikak eta hartuko diren neurri berriak jasotzen ditu planak.

Urte luzez garraio publikoa eta oinezko bideak sustatzen

Azken legealdietan hasitako bideari jarraipena eman nahi diote, dozenaka baitira azken urteetan autoen erabilera gutxitzeko eta oiartzuarrak toki batetik bestera modu jasangarriagoan joateko Udalak martxan jarri dituen zerbitzuak, azpiegiturak eta egitasmoak. Izan ere, kotxea gutxiago hartzeko, herritarrek alternatiba eroso eta merkeak behar dituzte ezinbestean, are gehiago auzoguneak hain sakabanatuta dituen Oiartzun bezalako udalerri batean.

Urtez urte, Udalak bidegorri sarea auzo guztietara eta poligonoetara zabaldu du; urtean 100.000 bidaiari izaten dituzten Xorrola eta Taxibusa eskaintzen ditu eta zerbitzu hauek indartzen ari da etengabe; bizikletak uzteko guneak atondu ditu; espaloi eta oinezko bide ugari egin ditu; haurrak ikastetxeetara oinez joateko Oinbusa bezalako programak martxan jartzeko kanpainak sustatu ditu… Neurri horiek guztiak behar-beharrezkoak izan dira oiartzuarron garraio-ohiturak aldatzen hasteko.

Zorionez, Udalak urteetan hartutako neurriei esker, Oiartzunen alde batetik bestera mugitzeko aukera asko dago beti kotxea hartu beharrik izan gabe eta, aurrerantzean ere, Udaletik zerbitzu horiek indartzeko konpromisoa hartu dute plan honekin.

Aurrerapauso berriak emateko plan ausarta

Hasitako bidean sakondu eta pauso berriak emateko osatu dute Oiartzungo lehen Mugikortasun Plana. Planak ez du inolaz ere aurreikusten TAO/OTA jartzea, bai ordea bizikleten erabilera sustatzea eta garraio publikoa indartzea, besteak beste. 2022an herriko mugikortasunaren inguruan egin zen diagnosia izan dute oinarri, eta bertan ateratako ondorioen baitan zehaztu dituzte erronka eta ekintza berriak. Herritarrekin eta eragileekin egindako saio ezberdinetan jasotako proposamenekin borobildu dute.

Bost ardatz estrategikotan banatu dituzte datozen bost urteetan gauzatu nahi dituzten ekintzak. Hemen adibide batzuk:

  • Oiartzungo ardatz aktiboak: Elizalden oinezko guneak zabaldu; Arditturriko bidegorria eta Karrikara doana lotu Altzibarren; Rafael Pikabea kalea birpentsatu; Makutso bidea eta Ozentzio kalea oinezkoago egin; Karrikan koexistentzia gunea sortu; bidegorrira sarrera berriak egokitu; bizikletentzat aparkaleku gehiago atondu…
  • Garraio publikoa eszenatoki berrian: Arraguako plataforma intermodala bultzatu; Arraguako errepidean autobusek erabiltzeko erraila egin; Xorrola elektriko berria erosi; Taxibusa Mugi sisteman integratu; ibilgailuak partekatzeko aukerak sustatu…
  • Kotxearen zentraltasuna eraldatu: Errepideak eta kaleak diseinatzerakoan oinezkoei lehentasuna eman; zenbait tokitan ibilgailuen abiadura mantsotzeko eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak egin; espaloi berriak eraiki; zenbait errepide norabide bakarreko bihurtu…
  • Jarduera ekonomikorako eremuetan eragin: Bidegorri sarea lantokietara luzatu; erosketak egitera bizikletan joatea errazteko neurriak martxan jarri; poligonoetako langileekin mugikortasun jasangarriaren inguruko lanketa egin…
  • Hirigintza eta mugikortasuna: Hirigintza garapenak aurreikusterakoan mugikortasun jasangarria kontutan izatea arlo guztietan.

Hemen irakurri daitezke helburu eta ekintza guztiak.

Gehigarriak

Herri jasangarriagoa lortzeko lehen Mugikortasun Plana onartu dute