Jaso diren 232 eskaeretatik 135 onartu dituzte.
Altzibarko ALT-6 eremuan egiten ari diren 12 etxebizitza tasatuetarako zozketan parte hartzeko zerrenda onartu zuten asteazkeneko udalbatzarrean. Martxotik apirilera bitarte izan zuten interesdunek eskaerak aurkezteko epea. 232 herritarrek egin zuten eta horietatik 135 onartu dituzte, baldintza guztiak betetzen dituztelako.
97 eskaera baztertu dira, Oiartzunen erroldatuta ez egoteagatik, beste etxebizitza bat izateagatik edo dirusarreren muga ez betetzeagatik. Onartuen kasuan, zein zozketako zerrendan sartuko diren ere zehaztu dute. 3 bizikidetza unitateren artean zozketatuko da desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako etxebizitza. Bi gelako sei etxebizitzen zozketan 127 bizikidetza unitate sartuko dira eta 3 gelako bost etxeenean 5 bizikidetza unitate.
Onartu eta baztertuen zerrenda behin-behinekoa da (ikusi hemen zerrenda) eta 15 eguneko epea izango dute interesdunek alegazioak aurkezteko. Jasotzen diren alegazioak aztertu eta behin-betiko zerrenda onartzean egingo dute etxebizitzen zozketa (uztailean izango dela aurreikusi dute). Zozketa publikoa izango da eta aldez aurretik jakinaraziko da non eta noiz egingo duten.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika