Urmendi Haur Eskolak irakasleen ordezkapenetarako lan-poltsa osatu nahi du

Otsailaren 26a izango da izen emateko azken eguna.

Irakasleen ordezkapenetarako lan-poltsa osatzeko deialdia ireki du Urmendi Udal Ikastola Partzuergoak. Ordezkapenak egiteko eta hutsik dauden lanpostuak betetzeko erabiliko dute zerrenda. Oposizio-lehiaketa bidez zehaztuko dute hurrenkera.

Haur hezkuntzako gradua eta 3. hizkuntza eskakizuna izan behar dute hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek. Email bidez (urmendi@ouip.ikastola.eus) edo Urmendiko idazkaritzara hurbilduta aurkeztu daitezke eskabideak, otsailaren 26a bitarte.

Haurren Garapen osoaren prozesuari dagozkion egoerez arduratuko dira haur-hezitzaileak: harreman afektiboak eta gizarte inguruarekiko harremanak; garbitasuna, elikadura eta atsedena; garapen kognitiboari eta adierazpenekoari lotutakoak, bai eta heziketa prozesuko uneari dagozkionak ere. Haur-hezitzaileek familiak hartuko dituzte eta haurren hezkuntza prozesuaren berri emango diete. Haur-eskolako funtzionamendu egokirako beharrezko koordinazio-bilera eta bestelakoetan parte hartu beharko dute, urteko lan programaketa pedagogikoa egin, martxan jarri eta ebaluatzeko, besteak beste.

Bi ariketa gainditu beharko dira

Bi proba izango ditu oposizioak. Lehenengoan 30 galderako galdetegia erantzun beharko dute (hainbat aukeren artean hautatu beharko da erantzun egokia). 30 puntu lortzeko aukera izango da honetan eta gutxienez 15 beharko dira gainditzeko. Bigarrenean, gaitegi orokorrean jasota dauden gaien inguruko balizko egoera praktikoei edo/eta programazioari buruzko idatzizko garapena egin beharko dute. Hiru gai landu beharko dituzte eta 10 puntu egongo dira jokoan bakoitzeko. Bigarren zatia gainditzeko ere gutxienez 15 puntu atera beharko dira.

Gainditutakoak lehiaketa fasera pasako dira eta merezimendu ezberdinak baloratuko zaizkie, hala nola hezitzaile gisa aurretiazko esperientzia, prestakuntza akademikoa eta ikastaroak.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dituzte proben, aurkeztu beharreko dokumentazioaren eta deialdiaren xehetasun guztiak (ikusi hemen). Zalantzak argitzeko, 943 26 00 26 telefonora deitu dezakete interesatuek.