Hizkuntzaren normalizazioan kalterik sortuko duen aztertzeko eta neurriak hartzeko ordenantza arautu du.
Oiartzunen aurreikusitako proiektu eta plan pribatu zein publikoek bertako errealitate linguistikoan izan ditzaketen eragina ebaluatzeko ordenantza onartu du Udalak. Proiektu hauek onartzeko prozeduretan eta baimena ematerakoan egoera soziolinguistikoan izango duten eragina neurtuko dute, euskararen erabileran kalterik sortzen ez dutela ziurtatzeko eta eragin negatiborik sortzen badu, zuzentzeko neurriak hartzeko.
Lurralde-antolaketak hizkuntza-normalizazioan duen eragina berebizikoa da. Norbanakoak euskalduntzeaz gain, espazioak euskalduntzea ere ezinbestekoa da euskararen normalizaziorako. Lurraldearen antolaketa-mailan garatutako politikek eta garapenek eremu horietako hizkuntza-politikatzat hartu diren erabakiek baino eragin handiagoa izaten dute euskararen ezagutzan eta erabileran. Horregatik, hainbat proiektu berrik herriko trafikoan, ekonomian, azpiegituretan, naturguneetan eta beste hainbat arlotan izan dezaketen eragina neurtzeko egiten den moduan, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) ere egingo du aurrerantzean Udalak, hizkuntzaren bilakaeran izango duen inpaktua aztertzeko.
Euskararen erabilera sustatzeko tresna
Euskararen erabilera sustatzeko tresna izango da ordenantza berri hau. Aiako Harria Gaztelumendi Hizkuntz normalizaziorako zinegotziak azaldu duenez, egitasmo publikoek eta jarduera pribatuek “euskararen sustapenari kalterik ez egiteko” sortu dute araudia. “Hizkuntza batek, biziko bada, bera nagusi den lur eremuak behar ditu, arnasguneak behar ditu. Bere funtzio guztiak mugarik gabe, askatasunez, bete eta garatzeko lekuak behar ditu. Eta espazio hauek zaintzeko ezinbestekoa da egoera soziolinguistikoan eragin dezaketen faktoreak aztertu eta neurriak hartzea”.
Hiri-antolamenduko plan orokorrak, etxebizitza promozio berriak, industrialdeak, merkataritza guneak, turismo planak, zerbitzu ekipamenduak edota aisialdirako espazio berriak egiterakoan oiartzuarren edo bisitarien hizkuntza-gaitasunean eta erabileran izan dezaketen inpaktua neurtuko dute eta dagokion kasuetan neurri zuzentzaileak proposatuko dituzte.
ELE batzordea
Plan eta proiektuen eragin linguistikoaren ebaluazioaz arduratuko den ELE batzordea sortu du Udalak, hizkuntza-inpaktuaren gaineko erabakiak hartzeko. Proiektua garatzen hasi aurretik, organo sustatzaileari euskararentzat mesedegarriak diren funtsezko alderdiak eta hartu beharreko neurriak zein diren zehaztuko du taldeak.
Euskara zinegotziak, teknikariak, idazkariak eta ebaluatzen den egitasmoaren inguruko arloko udal teknikariak osatuko dute batzordea, besteak beste.
Argazkian, Aiako Harria Gaztelumendi Hizkuntz normalizaziorako zinegotzia.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika