Kirola egiten duten emakume eta gizonen artean alde nabarmena dagoela berretsi du Udalak egindako ikerketak

Kirol arloan ere berdintasuna lortzeko ekintza plana egingo du orain.

Ikuspegi feministatik egindako kirol diagnostikoaren ondorioak aurkeztu zituzten Udalak joan den astean Oiartzungo kirol taldeetako partaide eta zuzendaritzetako kideekin eta beste hainbat herritarrekin Landetxen egindako saioan.

Nora Velez del Burgo feminismo zinegotziak eta Edorta Fernandez kiroletakoak ireki zuten ekitaldia eta diagnostikoa zergatik egin duten azaldu zuten. Adierazi zutenez, Udalak ematen dituen zerbitzuen artean kirola “oso atal garrantzitsua” da, kirol instalazio ugari kudeatzeaz gain, oiartzuarren kirol praktikaren oinarriak jartzen baitu Eskola Kirola bezalako programekin. Herrian dauden kirol elkarte ugariren lana diruz laguntzen du gainera. Horregatik ikuspegi feministatik herriko kirolaren diagnostikoa egin nahi izan duten, “zertan ari garen ongi jakin eta zertan hobetu” ezagutzeko. “Datuak falta genituen eta ikerketa honekin indargune eta ahulguneak detektatu ditugu, kirolean ere emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko egiten ari garen bidean aurrerapauso berriak zehazteko”.

Emakume eta gizonen kirol praktikan arrakalak

Federatutako kirolean aritzen den gizon eta emakume kopuru eta egiten duten kirol mota, klubetako zuzendaritzen osaera, eskola kirolako partaideak, kiroldegiko bazkideak, ikastaroetako abonatuak, espazioen erabilera eta Udaleko Kirol Sailetik egiten diren egitasmo eta hitzarmenak aztertu dituzte.

Kanpoko aditu batek burutu duten ikerketa kuantitatiboaz gain, 7 hilabeteko prozesuan egindako galdetegi, talde dinamika eta elkarrizketetan parte hartu duten 31 eragile, teknikari eta herritarrekin osatu dute Oiartzungo kirol esparruaren egoeraren “argazkia”.

Ezberdintasun nabarmenak antzeman dituzte kirola egiten duten emakumeen eta gizonen kopuruetan, kirol federatuan eta eskola kirolan bereziki.

Oiartzunen dauden kirol federatuko lizentzien laurdena baino gutxiago dira emakumeenak: 980 lizentzietatik 240 bakarrik (%24). Gizonek federatutako 12 kirol ezberdinetan parte hartzen dute; emakumeek aldiz, 8 kiroletan. Herriko 5 klubetako zuzendaritzetan %19a besterik ez da emakumezkoa. Eskola kirolan ere bistakoa da aldea: 275 haurrek egiten dute eskola kirola herrian. Horietatik 107 dira neskak (%39) eta 168 mutilak (%61).

Ezberdintasunak kuantifikatzeaz gain, arrakala horren atzean dauden faktoreak ere detektatu dituzte elkarrizketa eta talde dinamiketan, eta horiek iraultzeko proposamenak jaso dituzte: udal barruan hartu beharreko neurriak, kirol elkarteei laguntzea emakumeen parte hartzea errazteko, ikastetxeekin eskola kirolaren gaineko hausnarketa egitea eta beste hainbat ekintza.

Hasitako bidean jarraitzeko ekintza plana

Azken urteetan kirolean genero ikuspegia egindako lanari esker aurrerapauso garrantzitsuak lortu direla ere nabarmendu du ikerketak; kontratazioak egiterakoan berdintasun klausulak txertatzea, dirulaguntzak ematerakoan genero ikuspegia kontuan izatea eta udaleko kirol eta feminismo sailen arteko elkarlana, besteak beste.

Hasitako bidean pauso gehiago eman behar direla argi utzi du hala ere azterketak. Ahulguneak zuzentzeko neurri ezberdinak landu eta lehentasunak zehaztuko ditu orain Udalak. Herriko kirol elkarteekin egingo du lanketa, elkarlana ezinbestekoa izango baita kirolean ere emakume eta gizonen parekidetasuna lortzeko.

Gehigarriak

Kirola egiten duten emakume eta gizonen artean alde nabarmena dagoela berretsi du Udalak egindako ikerketak