Abiadura Handiko Trenaren proiektuari desadostasuna adieraziko dio berriro Udalak

Landu duen txosten berria herritarrei azaltzeko bilera irekia egingo du azaroaren 23an, pleno aretoan.

Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurka alegazio berria aurkeztuko du Oiartzungo Udalak.

2001ean hasi zuen Espainiako Sustapen Ministerioak (ADIFen bitartez) Abiadura Handiko Trena (AHT) Oiartzundik pasatzeko prozesua. Proiektuari buruzko estudio informatiboa bidali zuen Udalera eta kontrako txostena idatzi zuen Oiartzungo Udalak.

Urte hauetan zehar proposamen eta estudio informatibo ezberdinak bidali ditu Sustapen Ministerioak Udalera eta alegazioak eta kontrako txosten sendoak prestatu ditu beti Udalak, proiektuaren bideragarritasuna erabat zalantzan jarriz eta trenak eragingo lituzkeen kalte izugarriak azaldu eta proiektua geldiarazten saiatzeko.

Zentzugabekeria ekonomikoa eta ekologikoa

ADIFek 2020an bidali zuen Udalera azken estudio informatiboa. Trenbidea bikoiztu eta merkantzien garraiorako bakarrik erabiliko den Astigarraga-Oiartzun-Lezo bidea aurreikusi zuen planak, tren hauek Donostiatik ez pasatzeko.

Gure herriari zuzen-zuzenean eragingo lioke trenak: trazaduran dauden enpresa eta etxe batzuk botatzea jasotzen du eta herriaren interes orokorrarekiko, ekonomiarekiko eta ingurumenarekiko erabat desegokia da. Bideragarritasun ekonomikorik ere ez du proiektuak eta arrazoik horiek denak azalduz alegazioak aurkeztu zituen Udalak.

Duela hilabete eskas jaso zuen Udalak helegite horren erantzuna eta aurkeztutako arrazoiei entzungor egin die Ministerioak. Joana Mendiburu alkateak adierazi duenez, “zoritxarrez, jarraitzen dugu inolaz ere onargarriak ez zaizkigun erantzunak jasotzen. Behar besteko azterketarik gabeko erantzuna da, oso azalekoa eta besteak beste esaten zaigu gure helegitean agertutako kezkak hurrengo fasean landuko direla”. Horregatik, txosten berria landu du Udalak eta berriro ere desadostasunaren arrazoiak helaraziko ditu.

Aurkezpen irekia ostegunean

Azaroa amaiera bitarteko epea du Udalak AHTren proiektuaren aurrean dituen desadostasun arrazoiak berriro aurkezteko eta egin aurretik oiartzuarrei azaltzeko bilerak antolatu ditu. 22an proiektuak zuzenean kaltetuko lituzkeen bizilagunekin bilduko da eta 23an (osteguna da) gaian interesa dutenentzat bilera irekia antolatu dute. Bilerak 18:00etan izango dira, pleno aretoan.

Euskaraz izango da bilera baina norbaitek itzulpen zerbitzua beharko balu asteazkena baino lehen abisatzeko eskatu dute, alkatetza@oiartzun.eus helbidera idatzita edo 943 491 862 telefonora deituta.

Argazkian, Joana Mendiburu alkatea eta Agustin Lekuona hirigintza zinegotzia.

Gehigarriak

Abiadura Handiko Trenaren proiektuari desadostasuna adieraziko dio berriro Udalak