Oarsoaldeko Eskola Kiroleko eta Eskola Kirol Egokituko ikasturteko programa aurkeztu dituzte

Aurrerapauso bat eman eta Eskola Kirol Egokituko programa jarri da martxan aurten. 

2023-24 ikasturteko Oarsoaldeko Eskola Kirola programaren aurkezpena egin zuten asteartean Lezon. Eneritz Arruti Lezoko kirol zinegotziak, Leire Mazizior Errenteriako kirol zinegotziak, Edorta Fernández Oiartzungo kirol zinegotziak, eta Julen Rodríguez Pasaiako kirol zinegotziak hartu zuten parte.

Urteetan zehar, eskualdeko udalek eta ikastetxeek eskola kiroleko egituraketa indartsu bat garatu dute, ikastetxe guztien arteko lankidetza komunitarioko eskualdeko programa bat bereizgarri nagusi duena.

Kirol aniztasun eta kirol hastapen balioetan oinarrituz, gaztetxoek hainbat kirol ezagutzeko aukera izan dezaten errazten duen eskola kirola programak handitzen jarraitzen du. Datuetan oinarrituz, Leire Mazizior Errenteriako zinegotziak bilakaera hori nabarmendu zuen:  “Aurten ere eskualdeko eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio”.

  • Oarsoaldeko ikasleen erdiak baino gehiagok, %58k, egingo du eskola kirola aurten, 8 eta 12 urte arteko 1.405 ikaslek.
  • Guztira 127 talde daude: 63 Errenterian, 31 Pasaian, 10 Lezon eta 23 Oiartzunen.
  • 72 entrenatzaile arduratzen dira 127 talde horien saioak gidatzeaz, 29 emakumezko eta 43 gizonezko.
  • Nesken parte-hartzea gorantz doa urtez urte. Parte hartzaileen %35,48 neskak dira.
  • Eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun urteotan egin den lanari esker.

Eskualdeko elkarteekin egiten den elkarlana ere nabarmendu zuten, batez ere, haien partetik jarduera bereziak antolatzeko jasotzen duten laguntza, ezagutza, instalakuntza eta material aldetik. “Euren laguntza ezinbestekoa dugu haurrek kirol ezberdinak ezagutu eta proba ditzaten”, adierazi zuen Julen Rodriguez Pasaiako kirol zinegotziak.

Eskola Kirol Egokituko programa (EKE)

Aurten, Oarsoaldeko Eskola Kirolak aurrera pauso bat eman nahi izan du berdintasunerantz, eta Mindara elkartearekin batera, Eskola Kirol Egokituko programa (EKE) jarri da martxan. 

Azken urteotan, GFAko Desgaitasunaren Arreta Ereduaren garapenaren ildotik, Eskola Kirol Inklusiboko (EKI Estrategia) esku-hartzeak gauzatu dira. Horri esker, eskola kiroleko eskaintzan desgaitasuna duten ikasleen integrazioa eta inklusioa sustatu da. 

Lehen saiakera haurra bere berezko taldean txertatzea bada ere, haurraren ezaugarriengatik  hori ezinezkoa den kasuetan, eskola kirolak aukera bat eskaini nahi izan die. Hutsune hori betetzeko asmoz garatu da ikastetxeetan Eskola Kirol Egokituko programa (EKE).

Programaren ezaugarriak

Eskola Kirolean parte hartzen duten haur guztiak bezala, programa honetan parte hartu nahi duten familiek  ere, ikastetxearen bidez egingo dute izen-ematea. EKE taldeek astean bi saio izango dituzte, bata aretoan eta bigarrena uretan. Saio horiek Mindara Elkarteko begiraleek zuzenduko dituzte, beraien esperientzia eta ezagutza ezinbestekoak baitira programa aurrera eramateko orduan.

Astean zeharreko saioez gain,  ikasturtean zehar Eskola Kiroleko larunbateko hainbat jardueretan parte hartzeko aukera  ere izango dute. Parte-hartze hauetan, euren ikastetxeko gainontzeko haurrekin parte-hartzea bilatuko da, jarduera desberdin baina seguru batez gozatzen duen bitartean. 

EKE programa 2023/2024 ikasturte honetan jarri da martxan  GFA, udal,  ikastetxe eta Mindara elkartearen elkarlanarekin. Gero eta familia gehiagok Eskola Kirola guztientzako eremua dela ulertzeko beste pauso bat izatea  espero da.

Gehigarriak

Oarsoaldeko Eskola Kiroleko eta Eskola Kirol Egokituko ikasturteko programa  aurkeztu dituzte