Azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egin dute Oiartzungo EH Bildu eta EAJko zinegotziek

Euskararen indarberritze-prozesuan lanean jarraitzeko konpromiso sendoa adierazi dute.

Udal Legearen eta hau garatzen duen dekretuaren kontrako azken epaiak salatzeko adierazpen instituzionala adostu dute Oiartzungo EH Bildu eta EAJ-PNVko udal taldeek.

6 puntuko adierazpenean azaldu dutenez, “kezkaz eta larritasunez” hartu dituzte “euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako” epai hauek. “Euskararen biziberritzearen aurkakoak ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoak ere” badirela adierazi dute, Eusko Legebiltzarrak “kontsentsu zabalarekin” onartu baitzuen epaitegiek baliogabetu nahi duten Udal Legea eta “azken inkesta soziolinguistikoek ere argi erakutsi baitute gizartearen gehiengo zabalak babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak”.

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak “bete-betean” eragiten die UEMAk eta bertako kide diren udalek urte askotan jorratutako lan-ildoei: hizkuntza-plangintzari eta kontratazioari, adibidez. Gogorarazi dutenez, Oiartzungo Udalak “helburu nagusien artean du herrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntz-eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar”.

“Euskara da gure udalerriko hizkuntza propioa eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dugu”

Udalerri euskaldunetan hainbat arlotan aurrera egin du euskarak hamarkada hauetan, “baina oraindik bada zertan eragin”. Udalean bertan ere euskarak “urrats handiak” egin dituela nabarmendu dute eta gaur egun “zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza nagusia ere” badela. “Horretan jarraitzeko asmo sendoa dugu eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditugu gure esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da gure udalerriko hizkuntza propioa eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dugu”.

Horretarako lege-orube sendoa ezinbestekoa dutela adierazi dute eta horregatik lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakunde guztiei dei egin diete, “nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoarekin hornitzeko”.

Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatutako manifestazioarekin bat egin dute zinegotziek eta herritarrei ere dei egin diete mobilizazioan parte hartzeko.

Bi alderdiek adostutako adierazpena, hemen.

Gehigarriak

Azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egin dute Oiartzungo EH Bildu eta EAJko zinegotziek

Fitxategiak