Udal langileek ere bat egin dute azaroan 4an euskararen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin

Euskararen normalizazio prozesuan atzerapausorik ez dutela onartuko aldarrikatu dute.

Azkenaldian areagotu egin dira euskararen normalizazioa helburu duten neurrien aurkako epaiak. Ez dira sententzia isolatuak; botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko oldarraldia da. Epai hauek euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen dute.

Eraso hauen aurrean, euskararen zein euskaldunen hizkuntza-eskubideen kontrako oldarraldia salatzeko manifestazioa antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon. Oiartzungo Udaleko langileek ere mobilizazioa babestu eta Bilboko kaleak betetzeko deia egin dute. Talde argazkia atera dute udaletxe aurrean.

Oiartzundik manifestaziora joateko autobusak antolatu dira. 15:00etan abiatuko dira Haurtzaro Ikastolako aparkalekutik.  Herriko lau tokitan eman daiteke izena; Elizalde Herri Eskolan, Haurtzaro Ikastolan, Intxixu-AEK euskaltegian eta Kastro tabernan.

Gehigarriak

Udal langileek ere bat egin dute azaroan 4an euskararen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin