Alex Bargallorentzat izango da aurtengo Kirol Saria

Herrian judoa irakasteko eta zaletasuna zabaltzeko egindako lana eskertu nahi izan dute.

Alex Bargalló judo irakasleak jasoko du Oiartzungo VIII. Kirol Saria. 2016an hasi zen Oiartzungo Udala kirol arloan egindako ibilbidearengatik, lortutako emaitzengatik edo herrian kirola sustatzen egindako lanarengatik nabarmendu diren oiartzuarrak eskertzen eta apirilean ireki zuen aurtengo saria jasotzeko hautagaiak proposatzeko epea.

23 proposamen ezberdin jaso dira aurten eta hautagai horien artean Bargalló omentzea erabaki du UKABek (herriko kirol elkarteetako ordezkariak eta Udala biltzen dituen Kirol Aholku Batzordeak), “azken 40 urteetan Oiartzunen judioa irakasteko eta zaletasuna zabaltzeko egindako lanagatik”.

40 urte judoarekiko pasioa kutsatzen

Duela 4 hamarkada hasi zen Bargalló Oiartzunen judoa eskolaz kanpoko jarduera gisa irakasten, Elizaldeko Guraso elkarteak proposatuta. 1983an sortu zuen Elizaldetarrak Judo Elkartea. Hasieratik oso ongi funtzionatu zuen eta 50 haurrek eman zuten izena lehen urtean. Haurtzaro ikastolak ere planteatu zuen judoa ematea eta bi ikastetxeetako ikasleak jasotzen hasi zen elkartea. Ordutik urtero-urtero handituz joan da judoa praktikatzen duten ikasle kopurua. Orain arteko bide luzean 2.250 ikasle izan ditu eta 160 kide ditu gaur egun Elizaldetarrak-ek.

Judoaren bidez hezkuntza fisikoan eragitea izan da bere helburua. Ehundaka izan dira 40 urte hauetan zehar bere lanari esker judoa ikasi duten oiartzuarrak eta jakin du judoarekiko duen pasioa denei kutsatzen. Bere ibilbidean egindako lan honengatik guztiagatik omendu nahi izan dute Oiartzungo Udalak eta herriko kirol elkarteek Bargalló.

Urriaren 27an omenaldia    

Urriaren amaieran egingo duten Kirol Astearen baitan jasoko du saria judokak. 27an egingo diote omenaldia, 19:00etan Landetxe Kultur Aretoan. Irekia izango da ekitaldia baina aforoa mugatua denez gonbidapena hartzea gomendatu dute, sarrerak.oiartzun.eus helbidean edo Landetxeko leihatilan, ohiko ordutegian.

Gehigarriak

Alex Bargallorentzat izango da aurtengo Kirol Saria