Etorbide irisgarriagoa, atseginagoa eta seguruagoa

Yon Oñatibia kalea eta lorategia berritzeko lanak bukatu ditu Udalak.

Yon Oñatibia etorbidea berritzeko lanak bukatu ditu Oiartzungo Udalak. Doneztebe eta Landetxe plazak lotzen dituen kalea hobetu, oinezkoen segurtasuna handitu eta herritarrentzat atseginagoa eta irisgarriagoa bihurtzeko egin dute proiektua.

Eraldaketa amaituta, oinezkoek izango dute bertan lehentasuna. Landetxeko eraikina eta plaza berria egin ondoren, udalerriko bi plaza nagusien arteko lotura indartu eta joan-etorriak sustatu nahi dituzte, Oiartzungo erdigunea herritarrentzat berreskuratu eta espazio zabal, lasai eta bizia izateko.

Oinezkoen erosotasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko espaloia handitu eta errepidearen kota berean egin dute. Bertako aparkalekuak kendu eta argiteria berritu dute.

Bertako lorategia ere berritu da. Eserleku gehiago jarri, irisgarritasuna erraztu, barandak jarri eta paretak txukundu dituzte.

Ibilgailuentzat itxita

Xorrolaren zai egoteko autobus geltoki berria jarri dute Yon Oñatibia kalearen hasieran eta hemendik egun gutxi barru taxien geltokia ere kale amaierara pasako dute, Landetxe parera, Doneztebe plazan auto gutxiago ibil daitezen.

Oinezko eta txirrindularientzat izango da Yon Oñatibia kalea eta Xorrola, herriko taxiak eta baimendutako ibilgailuak bakarrik pasako dira bertatik. Hauen abiadura gutxitzeko lurzoru berezia ere jarri da. Gainontzeko ibilgailu guztiek ondoko Rafael Pikabea kaletik pasa beharko dute, azken hilabeteetan bezala.

270.900 euroko aurrekontua izan du proiektuak. Biziberritzea amaituta, arauak errespetatzeko eskatu du Udalak eta ibilgailuekin bertatik ez pasatzeko, Oiartzungo erdigunea herritarren elkargunerako espazio atsegina izan dadin.

Argazkian, Garazi Urdampilleta alkateordea eta Agustin Lekuona hirigintza zinegotzia.