Martxan da Xabier Lete prosa eta poesia lehiaketa

Azaroaren 3ra arte egongo da lanak aurkezteko epea.

XXXVI. edizioa du aurten Xabier Lete Prosa eta poesia lehiaketa arrakastatsuak. Haur eta gazteen artean euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatu eta euskarazko literaturaz gozatzeko ohitura hartzeko antolatzen du urtero-urtero lehiaketa Oiartzungo Udalak, herriko ikastetxeekin elkarlanean.

8 eta 18 urte bitarteko oiartzuar guztiek (edo herrian erroldatuta egon ez arren bertako ikastetxeetan ikasten dutenek) parte hartu dezakete literatur lehiaketa honetan. Ohi bezala, bi modalitatea egongo dira: prosa (LH 3. mailatik gorakoentzat) eta poesia (LH 5. mailatik goiti).

Azaroaren 3ra arte izango dute lanak sortzeko tartea (udaletxeko harreran edo Euskara Sailean entregatu beharko dituzte). Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake sail bakoitzean eta argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan beharko dute. Oinarri guztiak hemen eskuratu daitezke.

Sari-banaketa abenduaren 4an

Xabier Leteren heriotzaren urteurrenean egingo dute sari-banaketa, abenduaren 4an (astelehena da), Landetxe Kultur Aretoan.

LH 3. mailatik DBH 2. mailara bitarteko irabazleentzat liburu edo ikasmaterialetan erabiltzeko 50 eta 80 € arteko bonoak banatuko dituzte. DBH 3. mailatik gorakoentzat 100 eta 120 euro arteko sariak izango dira, eskudirutan.