Kirolean ere ikuspegi feminista txertatzeko diagnostikoa egiten ari da Udala

Kirolean emakumeen partaidetza sustatu nahi du.

Sail eta esparru guztietan ikuspegi feminista txertatzea da Oiartzungo Udalaren helburua. Bibliotekako haurren liburuen azterketa egin zuen 2022an eta kirol esparrua lantzen ari da aurten, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzeko neurriak hartzeko.

Kirol arloa gizonen eremua izan da tradizioz eta bertan parte hartzeko hamaika muga eta oztopo jarri zaizkie emakumeei, bereziki ‘gizonezkotzat’ hartu diren kiroletan. Egoera asko hobetu den arren badago oraindik bidea egiteko.  Horregatik diagnostiko honekin guztientzat izango diren kirol baliabideak eta eskaintza bermatu nahi ditu Udalak.

Hasitako bidean pauso berriak

Udalean garrantzia handia du Kirol sailak; herriko azpiegitura eta zerbitzu garrantzitsuak kudeatzen dira bertatik (kiroldegia, frontoiak, futbol zelaia…). Aurrekontu handia du eta kirol elkarteei bideratzen den dirulaguntza kopurua ere garrantzitsua da. Eskola Kirola zerbitzua ere bertatik kudeatzen da, umeen gizarteratzeko baliabide esanguratsua dena. Horregatik da estrategikoa sail honetan eragitea.

Duela urte batzuk hasi zuen Udalak Kirol sailean ikuspegi feminista txertatzeko bidea: kontratazioetan berdintasun klausulak sartu dira, berdintasunean formazioa jaso dute teknikari eta entrenatzaileek, kirolean emakumeek duten presentzia ikusarazteko ekintzak egin dira Kirol Astean…

Bide honetan eman beharreko pauso berriak identifikatzeko diagnostikoa egin eta ekintza plana zehaztuko du orain Udalak.

Zein oztopo daude Oiartzunen emakumeek kirola egiteko?

Ze traba dituzte emakumeek kirolean hasteko? Bertan aurrera egiteko dituzten oztopoak zein dira? Zer dela eta ez dute gizonek bezainbeste kirol egiten? Adin batetik aurrera zergatik uzten dute? Udalak elkarteei banatzen dien dirulaguntzetatik zenbat ematen dira emakumeen parte-hartzea sustatzeko? Ze neurri hartu beharko lirateke Udaletik herrian kirol arloan emakumeen partaidetza sustatzeko eta diskriminazio egoerak desagerrarazteko?

Galdera hauei guztiei erantzuna aurkitzeko bi saio ireki antolatu ditu Udalak. Maiatzaren 29an 17:00etan egingo dute lehenengoa, federatuta dauden emakumeekin. Kirola eta ariketa fisikoa federatu gabe egiten duten emakumeekin egingo dute bigarrena, ekainaren 6an 17:30ean. Udaletxeko bilera gelan izango dira biak.

Arlo federatuan edo norbere kabuz kirola egiten duten herriko emakumeak gonbidatu nahi ditu prozesuan parte hartzera, guztion bizipenak eta iritziak garrantzitsuak izango baitira diagnostikoa osatu eta zuzenketa ekintzak definitzeko. Urrian ospatuko den Kirol Astean aurkeztuko dituzte prozesuaren emaitzak eta hobekuntza lan-lerroak.

Entzun hemen Oiartzun Irratian gaiaren inguruan egindako elkarrizketa

Gehigarriak

Kirolean ere ikuspegi feminista txertatzeko diagnostikoa egiten ari da Udala