‘Euskaraz urtabe’ izena jarri diote eta prozesuak emango dituen fruituen izenburu ere izango da.
2018an abiatu zen Oiartzungo Euskararen Plan Estrategikoa amaierara iritsi da, eta hurrengo bost urteetan indarrean egongo den plana diseinatzen hasiko da Oiartzungo Udala, herritarren parte-hartzea ardatz hartuta.
Oiartzungo Udaleko Euskara Batzordeko kideek eta plana osatzeaz arduratuko den talde eragileko kideek aurkeztu dute prozesua. Bi fase nagusi izango ditu. Hasteko, “nondik gatoz?” galderari erantzungo diote herritarrek. Horretarako, batetik, aurreko planaren balorazioa egingo dute galdetegi baten bidez; galdetegia oiartzuarren artean zabalduko dute, ahalik eta iritzi gehien biltzeko asmoz. Horrekin batera, herritar batzuei elkarrizketa xeheagoak egingo dizkiete, iritzi horiek gertutik ezagutzeko. Bestetik, hizkuntzei dagokienez, egungo Oiartzungo datuen bilketa egingo dute, euskararen egoera zehatza neurtzeko asmoz. Horietatik ateratakoarekin diagnostikoa osatuko dute.
Ondoren, “nora goaz?” fasea abiatuko da. Fase honetan lan-mahai parte-hartzaileak izango dira ardatz, eta ekaina, iraila eta urria bitarte egingo dira. Herritarrak hainbat arlotako lan-mahaietan bilduko dira eta proposamenak egin ahal izango dituzte, gako nagusiak identifikatzearekin batera. Edonorentzat irekiak izango dira proposamenak egiteko erabiliko diren saioak. Horiek amaituta, parte-hartzaile guztiak azken saio batean bilduko dituzte, jasotakoen inguruko iritziak entzuteko eta plana sortzeko azken ideiak biltzeko. Horrela, oiartzuar ororen hitza entzunda diseinatuko da hurrengo urteetarako Oiartzungo Euskararen Plan Estrategikoa.
Euskaraz URTABE
Uzta oneko aro esan nahi du URTABE hitzak. Hori dela eta aukeratu dute izen hori prozesu honetarako eta sor daitezkeenetarako. Izan ere, herritarren inplikazioari esker fruituak emango dituela sinetsita abiatzen dute bidea, eta hizkuntzaren normalizazioan urrats esanguratsuak emango direlako.
Horiek horrela, Oiartzungo Euskara Batzordeak dei egiten die herritar orori prozesuan parte har dezaten. Lehen fasea orain abiatuko da eta galdetegiari erantzutea izango da parte hartzeko lehen pausoa. Hemendik egin dezakete: https://labur.eus/07svB (gaztelaniaz https://labur.eus/A7un6).
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika