Martxan da ‘Euskaraz, osasuntsu!’ ekimena, Oarsoaldeko osasungintzako establezimenduei zuzendutako kanpaina

59 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin, osasungintzako sektorean euskararen presentzia sustatzeko.

Hogeita sei urte dira Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla.

Hizkuntza paisaia euskalduntzeak (errotulua, jendaurreko idatziak, oharrak, establezimenduko elementuak…) duen garrantzia nabarmendu nahi dute ekimen hauekin. Hizkuntza paisaiak hizkuntza batek duen edo ez duen estatusaren berri emateaz gain, establezimendu bakoitzak hizkuntzarekiko edota hizkuntzekiko eta, ondorioz, hiztunekiko duen begirunea ere erakusten du. Establezimendu batera sartzen garenean, aurrena ikusten dena horixe da. Beraz, oso garrantzitsua da hizkuntza paisaia euskaraz egotea. Dudarik gabe, horrek berak bezero euskaldunek euskara erabiltzea erraztuko baitu.

Aurten Oarsoaldeko osasungintzako establezimenduetara zuzenduko dute ‘Euskaraz, osasuntsu!’ ekimena. Bertan parte hartzen duten osasungintzako zentroentzako eskaintza bereziak:

  1. Apirilaren 19tik uztailaren 27ra bitartean, “100 egun, 100 hitz” egutegia banatuko zaie osasungintza zentroei. Egutegi horretan euskarazko hitz bat ikasteko aukera ematen zaie euskaraz ez dakiten osasungintzako langileei, eta osasungintzarekin loturiko esaera zahar bat ikasteko aukera euskaraz badakiten osasun-langileei.
  2. Ekainean, “Euskaraz, osasuntsu!” leloa daraman lanpasa bana emango diete parte hartzen ari diren establezimenduei, sarreran jartzeko.
  3. Azaroaren 2tik 17ra osasungintzako establezimenduetan euskaraz egiten duten bezeroei banatzeko giltzatako sorta bana helaraziko diote parte hartzen duen establezimendu bakoitzari.
  4. Otsailetik hona, doako zerbitzu eskaintzaren bitartez, jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagundu zaie (itzulpenak, maketazioa, paisaia linguistikoa euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa…).
  5. Osasungintza alorreko hiztegitxoa ere banatu zaie. 

59 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin.

Gehigarriak

Martxan da ‘Euskaraz, osasuntsu!’ ekimena, Oarsoaldeko osasungintzako establezimenduei zuzendutako kanpaina