Kirol Sarirako hautagaiak proposatzeko aukera dago

Apirilaren 23a arte, on-line eta kiroldegian.

Kirol Astea izango da beste urte batez urrian, jarduera fisikoa erdigunean jartzeko. Bertan emango da Oiartzungo VIII. Kirol Saria eta aitortza jasotzeko hautagai proposamenak biltzen ari da Udala. Kirol arloan egindako ibilbidearengatik, lortutako emaitzengatik edo Oiartzunen kirola sustatzen egindako lanarengatik nabarmendu diren oiartzuarrak eskertzea da helburua.

Proposamenak egiteko epea apirilaren 23a arte egongo da irekita. On-line edo kiroldegian bertan egin daiteke (sarreran jarri den kutxan).

Ondoren, proposamenen artean erabakiko du Kirol Saria jasoko duena nor izango den Oiartzungo Udalak eta herriko kirol elkarteek osatzen duten Kirol Aholku Kontseiluak (UKABE).

Aurtengoa VIII. Kirol Saria izango da. Orain arte herritar, talde eta eragile hauek jaso dute saria: Girizia elkarteko kirol sailak; Periko Sanroma Haurtzaro Atletismo taldeko sortzaileak; xanistebanetako sokatira txapelketa herrikoia antolatzen duen Artaso Elkarteak; Ane Asensio atletak; Alain Isasa kenshiak; Guruzne Azpiroz arraunlari ohiak eta iaz Kondo Fernandez Oiartzun Kirol Elkarteko lehendakariak.

Gehigarriak

Kirol Sarirako hautagaiak proposatzeko aukera dago