Geroz eta gehiago dira aitorpena euskaraz egiten duten oiartzuarrak.
2022ko errenta aitortzeko epearen irekiera dela eta (2023/04/11tik 2023/06/30era), Oiartzungo udalak dei egin diete zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko eta ogasunarekin harremana euskaraz izatera animatu ditu herritarrak. Izan ere, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.
Urtez urte gero eta gehiago dira errenta euskaraz egiten duten eta administrazio publikoekin euskaraz egitea erabakitzen duten herritarrak. Oiartzunen 2.239 pertsonek egin zuten aitorpena euskaraz 2022an, aurkeztu ziren guztien %39. 2017. urtetik hona datuek gora egin dute.
Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin dezakezu, baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten duzunean ere euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz. Bestalde, errenta aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen bada, errenta aitorpena euskaraz egin eta Ogasunarekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazi.
Errenta aitorpena euskaraz egiteak saria izango du gainera. Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu goxo bana zozkatuko dute herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean. Zozketan parte hartzeko hiru bide izango dira aukeran: whatsapp bidez eta QR kode baten bidez zabalduko den drive bateko formularioa betetzea, www.oarsoarrak.eus webeko formularioa betetzea edota leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea.
Aurten ere egin, beraz, errenta aitorpena euskaraz!
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika