Autobus zerbitzuaren zabalpenaren balorazio positiboa egin du Udalak baina hobekuntza gehiago eskatu ditu

Autopistaz lotura zuzena egingo duen linea berria eskatzen jarraituko du.

Autoen erabilera gutxitu eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko beharrezkoa da herritarren beharretara egokitutako garraio publiko zerbitzua eskaintzea. Herri barruko Xorrola autobusaren  eta taxibusaren ordutegiak zabaltzeaz gain, Udalak azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Oiartzun eta Donostia lotzen dituen autobus zerbitzua hobetzeko. Bi linea izan dira eskaera nagusiak: Oiartzun eta ospitaleak lotzeko autobusa eta herritik Donostiara zuzenean doan zerbitzua.

Udalaren eskaera batzuk aintzat hartu eta zerbitzua zabalduko duela jakinarazi zuen atzo Aldundiak: ospitalera joango den autobusa jarriko du eta Donostia joateko maiztasuna areagotuko du, 20 minututik 15 minutura.

Eneritz Arbelaitz alkateordeak berrikuntzen balorazio positiboa egin du, “baina gehiago egin behar da”. “Aspalditik ari ginen eskatzen Aldundiari Oiartzungo lineak hobetzeko”. Oiartzun 10.300 biztanleko herria dela gogorarazi du eta orain zerbitzu “kaxkarra” duela. “Urte luzez egin dugun eskaera izan arren eta erabakia udal eta foru hauteskundeen bezperan hartu badute ere, positiboki baloratzen dugu neurria”. Herritik ospitalera joateko aukera emanda eta Donostiara doan autobusaren maiztasuna handituta “oiartzuarrek merezi duten garraio publikoa gertuago” dago.

Oraindik asko dago hobetzeko

Autobus zerbitzua hobetzeko “oraindik zer egina badagoela” esan du Arbelaitzek. “Hasteko, ospitalera joan den autobusak Errenterian geltokiak izango ditu. Ospitalera iristea zerbitzu azkarra izatea nahi dugu eta hori eskatzen jarraituko dugu”.

Gogorarazi duenez, Oiartzundik Donostiara doan E2 autobusak ere 45 minutu inguru behar izaten ditu ibilbidea egiteko.  “Jendeak autobusa gehiago erabiltzea nahi badugu, Donostiara joateko edo handik itzultzeko denborak laburragoa izan behar du. Oiartzundik hiriburura autopistaz joango den zuzeneko zerbitzua jarri behar da”.

“Aldaketa hauek hobekuntza dira baina oraindik asko dago egiteko”. Ospitalera eta Donostia erdialdera zuzenean doazen zerbitzuak jartzeko lanean segituko dutela adierazi du alkateordeak.

Bestalde, Gipuzkoako Garraio Agintaritzan erabakitzen dira Mugi tarifak eta garraio publikoa indartzeko ezinbestekoa da zerbitzua ona izatea eta prezio duinak izatea. Prezio horien eztabaidan “garraio publikoa merkea, justua eta eskuragarria” izateko lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Gehigarriak

Autobus zerbitzuaren zabalpenaren balorazio positiboa egin du Udalak baina hobekuntza gehiago eskatu ditu