Oiartzungo kiroldegiko bazkideek beste 76 herritako kiroldegiak doan erabiltzeko aukera izango dute

Otsailaren 1ean Kirol Txartela Mugiment programan sartuko da Oiartzungo Udala.

Otsailaren 1ean Kirol Txartela Mugiment programan sartuko da Udala. Honi esker, Oiartzungo kiroldegiko bazkideek Euskal Autonomia Erkidegoko beste 76 herritako 132 kirol instalakuntza doan erabiltzeko aukera izango dute.

Ariketa fisikoa sustatzea, kirol-espazioetarako sarbidea erraztea eta kirol-eskaintza handitzea da proiektu honen helburua. Baliabideak eta instalazioak aprobetxatu eta partekatuko nahi dira, ahalik eta pertsona gehienen eskura jartzeko eta bazkideei eskainitako zerbitzua zabaldu eta hobetzeko.

76 herritako kiroldegietara sarrera doan

Lezo, Bilbo, Beasain, Orio, Gasteiz, Azpeitia, Arrasate… Gaur egun 72 udalerri daude sartuta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen proiektu honetan, tartean Gipuzkoako 20. Urtarrila amaieran gehituko da Oiartzun. Urte hasieran Donostia eta herri gehiago ere sartuko dira kiroldegi sare honetan.

Horrela, Oiartzungo bazkide batek Donostian lan egiten badu eta bazkal ondoren tarteren bat badu, edo beste bat astean zehar Bilbon ikasten ari bada, bertako kiroldegiak doan erabiltzeko aukera izango dute.

Mugikorrerako aplikazioa

Beste kiroldegiak erabili ahal izateko, mugikorrean KirolTxartela Mugiment aplikazioa deskargatu eta erabiltzailearen datuak sartu beharko dira.

Beste udalerriko kiroldegira joatean, sarreran aplikazioko txartel birtuala eta nortasun agiria besterik ez dira erakutsi beharko.

Zerbitzu eta ordutegi aukera handia

Herri bakoitzak zehazten du beste kiroldegietako bazkideek zein instalakuntza eta zerbitzu erabili ditzaketen eta zein ordutan. Aplikazioan bertan ikusi daiteke herri bakoitzak eskura jartzen dituen aukerak. Informazio hau kiroltxartela.eus helbidean ere kontsultatu daiteke.

Oiartzungo bazkideek adibidez Lezoko igerilekua (astelehenetik ostiralera, 7:30etik 09:00etara eta 12:00etatik 17:00etara) eta kiroldegiko gihartze gela, frontoia, rokodromoa eta pista erabiltzeko aukera izango dute (astelehenetik ostiralera hauek ere, 8:00etatik 9:30era eta 12:00etatik 17:00etara).

Trukean, beste herrietako bazkideek Elorsoro erabiliko dute baina honek ez du eraginik izango bertako zerbitzuan, jende gutxi ibiltzen den orduetan bakarrik izango baitute aukera: igerilekua 07:00etatik 09:00etara eta gihartze gela eta rokodromoa 12:00etatik 17:00etara, astean zehar.

Informazio gehiago non eskuratu

Funtzionamenduaren argibide guztiak kiroltxartela.eus helbidean eta aplikazioan eskuratu daiteke. Gainera, norbaitek zalantzarik balu kiroldegian bertan ere emango diote zerbitzua erabiltzeko laguntza.

Gehigarriak

Oiartzungo kiroldegiko bazkideek beste 76 herritako kiroldegiak doan erabiltzeko aukera izango dute