Zabalik da lehen sektoreko dirulaguntzak eskatzeko epea

58.000 euro bideratuko ditu Udalak herriko ustiategiak laguntzeko.

Ireki da lehen sektoreko proiektuak sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea. Abenduaren 1a bitarte egongo da zabalik.

Guztira 58.000 euro bideratuko ditu Oiartzungo Udalak. Herrian kokatutako ustiategiek eskatu ahal izango dute laguntza.

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1a bitarte egindako gastuak laguntzeko izango da dirulaguntza: inbertsio eta ustiategien hobekuntzak; nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa; baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalakuntzak; berrikuntza teknologikora edo belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza azterketa lanak; ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak; nekazaritza erabilerarako ur gastuak; abereen bazka eta pentsuen ordainketa… izango dira lagunduko diren kontzeptuak.

Lehen sektorea hauspotzen jarraitzeko konpromisoa

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak dirulaguntza lerro hau zabaltzearen garrantzia azpimarratu du, “lehen sektoreak bizi duen egoera ekonomiko gogorra arintzen laguntzeko”. Adierazi duenez, “jaten duguna ez dugu guk sortzen. Honek dependentzia eta kanpoko eragile eta erabakien menpe egotea eragiten digu. Herritar askeak izan nahi badugu, garrantzitsua da jaten duguna ere bertan ekoiztea”. Horregatik, Udaletik ere lehen sektoreko proiektuak laguntzen eta hauspotzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Eskaerak online edo Udaletxean

Eskaerak erregistro elektroniko bidez edo Udaletxeko sarreran aurkeztu beharko dira. Oinarriak, eskaera orria eta gainontzeko informazioa Oiartzungo Udalaren web guneko Iragarki Taulako Dirulaguntzak atalean dago interesdunen eskura.

Gehigarriak

Zabalik da lehen sektoreko dirulaguntzak eskatzeko epea