“Euskararen erabilera indartzeko politika ausartak eta elkarlana bultzatzea beharrezkoa da”

Josu Delgado eta Aitziber Arnaizi elkarrizketa.

Hizkuntza-politika eta -plangintza egokiak abian jartzeko ezinbestekoa da errealitate soziolinguistikoa metodo zientifikoen bidez etengabe ikertzea. Hizkuntzen erabileraren kale-neurketak tresna baliagarriak dira horretarako, erabilera baita hizkuntzen bizindarra ebaluatzeko adierazle esanguratsuenetako bat.

Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa. Oiartzun, 2021 ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu berriki Soziolinguistika Klusterrak. 2021eko udazkenean egin ziren kale neurketak eta Oiartzunen egin den seigarren edizioa da hau. Azkena 2016an egin zen. 5 urte hauetan bost puntu egin du behera euskararen erabilerak herrian. Ikerketaren ondorio nagusiak aztertu ditugu Josu Delgado euskara zinegotziarekin eta Aitziber Arnaiz euskara teknikariarekin.

Oiartzunen, euskararen erabilerak bost puntu egin du behera 2016-2021eko epean.

Josu: Emaitzen gorabehera puntualei baino, joerei erreparatu behar zaie. Pixka bat gora edo behera izan, epe luzean joera bat markatzen dute datuek eta ikusten ari gara euskararen erabilera udalerri erdaldunetan igotzen ari dela baina euskaldunetan beheraka doala. Berdintze bat ari da ematen baina berdintze horretan, euskara galtzaile ateratzen da.

Aitziber: Oiartzunen ere hori erakusten dute datuek. Azken hogei urtetako grafikoa aztertzen badugu, beheranzkoa da joera. 20 urtean ia hamar puntu jaitsi da euskararen erabilera herrian. Ezagutzan aurrera egiten ari gara baina erabileran ez. Hutsunea zertan dugun aztertu behar da.

Oiartzuarren %76 euskaldunak dira eta beste %11k euskara ulertzen dute. Hala ere, kaleetan topatutako 10 lagunetik 5 bakarrik ari ziren euskarazko elkarrizketetan. Erabileran, ezagutza bezain garrantzitsua da hizkuntza ohitura?

Aitziber: Guk erabilera sustatzeko indarra eginda ere, handiagoa da kontran erabilera saihesteko datorkigun indarra. Aztertzen badugu zer den gure gazteek pantailetan ikusten dutena, helduok ze hedabide kontsumitzen ditugun, kulturgintzan indartsuenak zein diren, telebista piztu eta ze telesail ikusten ditugun… Edozein zirrikitutatik sartzen da gaztelania. Txikiena handienaren kontra. Eta txikienari ez bazaizkio nahikoa baliabide eta tresna ematen, inoiz ez du aurrera egingo.

Josu: Euskarak hizkuntza gutxitu baten aje guztiak ditu. Sintoma horietako bat da ezagutzan gora egitea baina erabileran behera. Kalitatearen inguruko kezka da beste bat. Ezagutza igotzen ari da, baina nolakoa da ezagutza hori? Zenbateko gaitasuna dute gehitzen ari diren euskaldun horiek guztiek euskaraz aritzeko? Erosoen aritzen garen hizkuntza erabiltzen dugu. Duela 20 urte euskaldun gehienek etxean jasotzen zuten euskara. Beraien hizkuntza naturala, egunerokoa eta erosoa hori zen eta normala da pertsona horiek euskaraz aritzea. Gaur egun askok euskararen ezagutza eskolan edo lan-munduan jasotzen dute; beraientzat ez da hizkuntza erosoena, hori etxean jasotzen duzuna da eta. Eta horrek erabileran eragin zuzena du. Euskarak espazio batzuk irabazi ditu (eskola irabazi du, lan mundua irabazten ari da), baina galtzen ari da lehen naturala zen espazioa: familia.

Altzibar, Ugaldetxo eta Arraguan 2016an neurtutako pareko balioak neurtu dira. Nabarmentzekoa da Elizalden izandako goranzko joera. Gurutze/Karrika/Ergoienen aldiz erabilera asko jaitsi da.

Josu: Oiartzungo auzoen artean gertatzen ari da Euskal Herri mailan gertatzen ari den gauza bera: auzorik euskaldunenak dagoeneko ez dira hain euskaldunak eta erdaldunenetan mantendu edo hobekuntza nabari da.

Aitziber: Honen zergatia aztertu behar dugu. Nola daude banatuta gure auzoak? Nola zeuden duela 20 urte? Zenbat aldatu dira auzo horiek? Herri eta auzoaren egiturak izugarri eragiten du harremanetan eta horrek eragiten du hizkuntzaren erabileran. Hirigintzak, sozioekonomiak… auzoetan egiten diren interbentzio arruntek ere eragin nabarmena dute hizkuntzan. Paisaiari begira sustatu daitezke etxe txikiak, lorategia dutenak… Baina harremanei begira eta hizkuntza ohiturei begira oso kaltegarriak izan daitezke. Babes ofizialeko 4-5 pisuko blokeak paisaiari dagokionez desegokiak edo kaltegarriak izan daitezke baina harremanei eta auzo bizitzari begira, auzotar berriak ekartzeari begira, positiboa izan daiteke. Hori nabarmena izan da Altzibarren. Eta hori bera justu kontrakoa izan daiteke Karrikan.

Erabaki guztiek euskararen erabileran duten ondorioa aztertu behar da beraz.

Josu: Egiten ditugun ekintza guztiek, izan hirigintzakoak, sozioekonomikoak, gizarte ongizatekoak… denek dute eragina ingurumenean, genero ikuspegian eta baita hizkuntzaren erabileran ere. Gaur egun baditugu tresnak erabaki horien eragin linguistikoa aztertzeko eta erabili behar ditugu, ekimen horiek guztiek izan dezaketen eragina aurreikusteko eta euskararen erabileran modu positiboan eragin dezaten edo behintzat negatiboki eragin ez dezaten neurri zuzentzaileak hartzeko.

Zenbat eta adin-tarte gazteagoa izan, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara. Hala ere, nabarmendu behar da 15-24 adin tartean neurtutako jaitsiera. Bereziki zaindu beharreko kolektiboa al da hau?

Josu: Haur eta gazteak euskararen erabileran Oiartzungo batezbestekotik gora daude eta heldu eta adinekoak azpitik. Oiartzungo euskararen berreskuratze bidean emaitza positiboa da, baina erabilera 13 puntu jaitsi da gazteen artean 2011tik. Hau da ikerketak Oiartzunen utzi duen punturik kezkagarriena. Haurren artean normala da ingurune euskaldun batean hizkuntza erabilerari eustea. Baina 15-24 urtekoen artean halako jaitsierak eskatzen du irakurketa sakona egitea.

Aitziber: Ze erreferente dituzte gazte horiek? Ze aukera dituzte beraien aisialdia euskaraz gauzatzeko? Askorentzat euskara jasotzeko bide bakarra eskola eta aisialdiko eskaintza antolatua dira. Hori bukatzen denean zer? 16 urtetik aurrera beste herri batzuetara ikastera joatean hizkuntz ohiturak aldatzen hasi daitezke eta euskararekin duten kontaktua gutxitu. Orduan erraztasuna galtzen dute eta erraztasuna galtzen duten neurrian erabilerak behera egiten du.

Josu: Bereziki zaindu behar da haur eta gazteen hizkuntza erraztasuna. Erraztasuna Oiartzunen ere galtzen ari da eta kolokan dago, eta horrek zuzenean eramango ditu gaztelaniaz aritzera, naturaltasunez. Euskaraz lasai aritzeko aukerak ere eskaini behar dizkiegu: izan Kuadrillategi, beste adin batzuetan egiten diren egitasmoak, sortu daitezkeen berriak… Ezin dugu erlaxatu, euskaraz badakitenez erabiliko dutela pentsatu. Erraztasuna eta euskaraz aritzeko guneak sustatu behar ditugu.

Nola hauspotu daiteke erabilera?

Aitziber: Datuak ezkorrak dira baina hala ere, inguruko herriekin alderatuta, Oiartzungo egoera ona da. Orain arte eutsi badiogu, urte hauetan guztietan egindako lanagatik izan da. Baina ez da nahikoa. Haurrekin, gazteekin, familiekin… Dagoeneko egiten dugunaz gain, gehiago egin behar dugu.

Josu: Euskararen erabilera indartzeko erabaki ausartak hartu behar ditugu eta elkarlana bultzatu behar dugu. Orain arte bakoitzak ahal genuena egin dugu: udaletik, beste administrazioetatik, euskalgintzatik… Guztion elkarlana behar-beharrezkoa da. Elkarrekin egindako ekimen eta egitasmoen eragina biderkatu egiten da. Orain arte izan ditugu esperientzia onak Oarsoaldean, UEMArekin, Euskaraldian… Bide horretan aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu euskararen ezagutza bermatzeaz gain, erabilera ere bermatzeko.

Gehigarriak

“Euskararen erabilera indartzeko politika ausartak eta elkarlana bultzatzea beharrezkoa da”