Gurutze eta Elizalde lotuko dituen bidegorria egiten hasiko da Udala

Mugikortasun osasuntsua sustatzeaz gain, auzoen arteko loturak sendotzen jarraitzen du Oiartzungo Udalak.

Datozen egunetan hasiko dira Gurutze eta Elizalde arteko bidegorria eraikitzeko lanak. Gurutze auzoa herriko plazarekin lotuko du bide berri honek.

Gaur egun Gurutzetik herriko gainontzeko auzoetara oinez joateko errepide bazterretik edo Feloaga Bidetik joan behar da. Orain egingo den bidegorriarekin, lotura segurua eta malda txikiagoa duena egingo du Udalak.

Bide berria Gurutzeko aparkalekutik abiatu, Malkorra hotelaren atzealdetik Fraileen Bideraino joango da eta hortik Legarre kalera. Bide guztia argiztatuko du Udalak eta toki batzuetan egurrezko barandak ere jarriko ditu.

Sei hilabeteko aurreikuspena dute lanek eta 635.000 euroko inbertsioa egingo da. Lan hauek egin ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren laguntza lortu du Udalak.

Oiartzungo Udalaren helburua da mugikortasun eredu iraunkorra bultzatzea eta ahal den neurrian ibilgailu pribatuak alde batera utzi eta oinezko edo bizikletazko joan-etorriak sustatzea. Horregatik, azken urte hauetan bidegorri sarea hobetu eta zabaltzeko proiektu ugari egin ditu.

Bidegorria herriaren arnasgune izatez gain, auzoen arteko komunikaziorako bidea ere bada. Kirola egin eta aisialdirako erabiltzeaz gain, geroz eta oiartzuar gehiago mugitzen da bidegorritik herriko toki batetik bestera joateko: lanera, erosketara, ikastetxeetara… 2019an Karrika eta Altzibar lotzen dituen bidegorria egin ondoren, Gurutze zen bidegorri saretik kanpo gelditzen zen auzo bakarra. Proiektu honekin, herriko zortzi auzoetara oinez edo bizikletan joateko aukera egongo da.

Gehigarriak

Gurutze eta Elizalde lotuko dituen bidegorria egiten hasiko da Udala