Oiartzunera etorri berriei harrera egingo zaie ostiralean

Herritar eta eragileei parte hartzeko deia egin nahi zaie

Oiartzunera bizitzera etorri berriei harrera egiteko hitzordua dugu oiartzuarrok: hilaren 13an, ostirala, Abaraxka ludotekan (18:00).

Saio honetarako 131 gonbidapen gutun bidali ditu Udalak; azken hilabeteetan Oiartzunen erroldatu diren lagun kopurua da.

Etorri berriak elkartzeak adina garrantzia du, baina, Oiartzunen dagoeneko errotuta dauden herritarrek harrera saioan parte hartzea: herritar eta eragileek askoz naturalagoa egiten baitute harrera eta etorri berrien integrazioa.

Jaki eta kantuak partekatzeko gonbita

Harrera saioak 2015etik egiten ditu Oiartzungo herriak. Udaleko Euskara eta Gizarte-Ongizate sailek Abaraxka ludotekarekin elkarlanean antolatzen dute harrera saioa.

Mokadu baten bueltan, Oiartzunera bizitzera etorri diren herritar berriak eta lehendik hemen bizi garenak elkartu eta elkar ezagutzea da helburua, bertako eta urrutiko jaki eta kantuak ezagutuz eta partekatuz. Horregatik, harrera saiora bakoitzak zerbait ekartzea proposatzen da. 

Haur, guraso, heldu, gazte... guztiek dute tokia harrera saioan. Egin diezaiegun herriko bizilagun berriei guri egitea nahiko genukeen harrera!

Gehigarriak

Oiartzunera etorri berriei harrera egingo zaie ostiralean