Urmendi Haur Eskolako urteko ekarpena onartu da, baita langileen soldata igoera ere

Ahobatez onartu ziren udalbatzarreko puntu denak

Urteko ohiko lehenengo udalbatzarra izan zen atzo. Landu ziren puntu guztiak ahobatez onartu zituzten EH Bilduko eta EAJko zinegotziek. 

REDESAk lurzoruaren eta lurpearen erabilera pribatiboaren udal tasaren kontra abiatutako bide judizialarekin lotuta (urtarrilaren 18ko ezohiko udalbatzarrean ere aztertu zen gaia), Euskadiko Epaitegi Nagusian Udalak tartekatua zuen kasazio errekurtsoan atzera egitea erabaki zen, Epaitegi Gorenak abenduan emandako epaiaren ondoren.

Urmendi Haur Eskolari, urteko ekarpena

Urmendi Haur Eskolari (Udal Ikastola Partzuegoa) 2022an egingo zaion ekarpena ere onartu zen: 707.000 € bideratuko ditu Udalak herriko 0-3 hezkuntza ziklora. Tartean, langileentzako %2ko soldata igoera aurreikusi da.

Oarsoaldea Garapen Agentziari 2021eko azken hiruhilekoari dagokion ekarpenaren %80a egitea ere onartu zen, ahobatez. 60.128,55 € bideratuko ditu Udalak hiri berriztapen, turismo eta kontsumo, industria eta gizarteratze arloetako proiektuetara.

Espainiako Konstituzio Epaitegiak 2/2004 Toki Ogasunaren legeko hiru artikulu baliogabetu ondoren, hirilurren balio gehikuntzako likidazioak egokitzeko neurriak hartzea erabaki zuen udalbatzarrak.

Kirol elkarteen funtzionamendurako laguntzak onartu dira

Oiartzungo kirol elkarte eta kluben funtzionamenduan laguntzeko dirulaguntzak eta oinarriak ere onartu ziren. 54.000 € bideratuko ditu Udalak  laguntza horietara.

EAJk alde bozkatu zuen, baina Janire Mitxelena zinegotziak "pandemia aurretik oinarri berriak proposatu" zituztela adierazi zuen, "badkaigu garaiak ez direla egokiak izan eta hau ere ez dela momentua, baina hurrengo urterako berrikuntzak kontuan hartzea eskatu nahi dugu, oinarriak zaharkituak daudelako eta banaketa justuagoa izateko".

Enekoitz Markos Kirol zinegotziak dirulaguntzak banatzeko oinarriak "herriko kirol elkarteekin landutakoak eta urtero errebisatuak" direla azaldu zuen. "Oso irizpide justuak dira, nahi dugun kirol politika bermatzeko. Hobetzeko punturik ikusten baduzue, proposamena egin gure herrirako eta aztertuko dugu".

Soinuenea, Luberri eta Haurtzaro Ikastolarentzako laguntzak

Soinuenea Fundazioari urteko ekarpena ere onartu zen: 93.600 € bideratuko dizkio Udalak, herri musikaren arloan lanean jarrai dezan. Luberri Ikasgune Geologikoarentzako urteko ekarpena ere adostu zen: 67.717,99 € jasoko ditu museo geologikoak. 

Haurtzaro Ikastolaren mantenu gastuetarako aurtengo dirulaguntza ere onartu zen. Ikasle bakoitzeko 446,48 € bideratuko ditu Udalak, guztia, 415.682 €.

Urtarrileko protokolo gastua 0 € izan da. 

 

 

Gehigarriak

Urmendi Haur Eskolako urteko ekarpena onartu da, baita langileen soldata igoera ere