2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eman ohi duen Oarsoarrak Euskararen saria
Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak, mahai gainean izan dituen proposamenak aztertu ondotik, Pello Jauregik euskararen erabilera areagotzeko bideak jorratzen egindako lanagatik eta ezarritako oinarriarengatik, eta Labore Oarsori, hasiera-hasieratik, egitasmoa euskaraz sortu eta gerora ere hala geratzeagatik, kontsumoa eta elikadura bezalako oinarrizko sektore batean euskaraz naturaltasunez aritzeko ezarri duen ereduagatik aitortza publikoa egitea hobetsi du.
2016an Oarsoaldean sortu eta Oiartzunen kokatutako kontsumo kooperatiba da Labore. Oarsoaldeko eta Euskal Herriko ekoizleen eta Oarsoaldeko kontsumitzaileen arteko aliantza da, bertako produktuak bertan kontsumituz, merkataritza eta harreman modu ezberdin bat helburu duena. Pertsonei eta haien osasunari garrantzia berezia ematen die Laborek. Tokikotasunari, gertukoari balioa ematean, euskara erdigunean jarri zuen Labore Oarsok eta euskaraz funtzionatu du eta funtzionatzen du erabat bere egunerokoan, bai ekoizleekiko harremanean, bai bazkideekiko eta erosleekiko harremanetan ere. Egun, 1.000 bazkidetik gora ditu.
Pello Jauregi Etxaniz antxotarra izango da beste saritua. Pedagoagian lizentziatua Salamancako Unibertsitatean, eta Hezkuntza zientzietan doktore da Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle eta ikerlaria da. Euskararen erabilera handitzeko helburua duten Euskaraldia, Belarriprest eta Ahobizi kontzeptuen asmatzaile eta teorizatzailea ere bada. Soziolinguistika Klusterrak martxan jarri zuen Aldahitz ikerketaren zuzendaria da.
Eskualdeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldia parte hartzera gonbidatu ditu eskualdeko herritarrak.
2021eko Oarsoarrak saria azaroaren 26an jasoko dute sarituek, 19:00etan, Errenteriako Niessen Kulturgunean egingo den ekitaldian. Ekitaldi irekia izango da, ohi bezala.
ZORIONAK Labore Oarso eta Pello!
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika