Haurren aurrean, helduak euskaraz aritzeko hamar eguneko ariketa praktikoa egingo da

Azaroaren 22tik abenduaren 5era egingo da ariketa Oiartzunen ere

Atzo aurkeztu zuen Euskaltzaleon Topaguneak azaroaren 22tik abenduaren 5era Euskal Herriko 80 herritan egingo den ariketa: Haurren aurrean, helduak heldu. Oiartzunen ere gauzatuko da ekimena. Gure herriko ordezkari, atzo Donostian egindako agerraldian parte hartu zuten Aitziber Arnaiz Euskara teknikariak eta Aitzol Perez de San Roman Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideak.

Euskararen erabileraren aldeko ekimena da Haurren aurrean, helduak heldu. Haurrekin harreman zuzena duten helduen hizkuntza praktiketan eragiteko, euskara gehiago erabiltzeko deia egingo zaie egun horietan.

Oiartzungo kasuan, ekimena aurrera ateratzeko elkarlanean aritu dira hainbat eragile, Udalarekin eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin batera: Abaraxka ludoteka; Elizalde Herri Eskola; Haurtzaro Ikastola; Oinherriko lantaldea eta Urmendi Haur Eskola. 

Helduen eredugarritasunaren ariketa praktikoa

"Ariketa praktikoa" izango da 10 egunez egitea proposatzen dena. Helburua guraso, hezitzaile, lagun heldu, zaintzaile eta umeekin egoetan diren beste senideek euren arteko -helduen arteko- hizkuntza-praktika aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea da. 

Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu nahi da ekimen honekin, herritarren ohituretan txertatzeko. "Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu" araua indartu nahi du ariketak.

Oraingo honetan, bereziki helduen eredugarritasunari erreparatu nahi zaio. Atzoko agerraldian Arrate Gisasola parte-hartzaileak azaldu zuenez, "euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute haur eta gaztetxoek, beraiek ere hala jokatzea nahi badugu. Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak ere barneratzen baitituzte".

Kike Amonarriz Euskaltzalen Topaguneko lehendakariak adierazitako moduan, "haurrek euskara zegingo badute, eskolatik kanpoko eremuetan ere egin behar dute: euskaraz dakiten gurasoekin, etxeetan, aisialdian...".

"Parte-hartzaileei proposatuko diegu pentsa dezaten norekin alda ditzaketen ohiturak eta horiei ariketa elkarrekin egitea proposatzeko", azaldu zuen Goiatz Urkijok, ekimeneko koordinatzaileak.

Kike Amonarrizen hitzaldia, hilaren 18an 

Hain zuzen ere, helduen hizkuntza-jarrerak haurrak eta gaztetxoengan duen eraginaren inguruan ariko da Kike Amonarriz euskaltzale, soziolinguistikoan aditu eta Euskaltzaleon Topaguneko lehendakaria hilaren 18an (osteguna) Oiartzunen.

Hitzaldia udaletxeko areto nagusian izango da, 17:30ean, Haurren aurrean, helduak heldu ekimeneko Oiartzungo lantaldeak antolatuta. 

Gehigarriak

Haurren aurrean, helduak euskaraz aritzeko hamar eguneko ariketa praktikoa egingo da