Udalak, UEMAk eta PuntuEus Fundazioak Euskara Sarera kanpaina martxan jarri dute

Sarean erabiltzen den hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatu nahi du herritarren artean

Oiartzungo Udalak, UEMAk eta PuntuEus Fundazioak kanpaina berezi bat jarri dugu martxan: Euskara sarera. "Sarean eta teknologia berrietan herritarrok ditugun hizkuntza ohituren eta horietan euskararen erabileraren inguruan hausnarketa bultzatzea da kanpaina honen helburua", azaldu du Josu Delgado Oiartzungo Euskara zinegotziak.

Horregatik, datozen lau asteetan lau bideo egingo ditugu publiko: Udalaren, UEMAren eta PuntuEus Fundazioaren kanalak zein sare sozialak baliatuko dira horretarako eta herritarrei euren sareetan nahi beste zabaltzeko gonbita luzatzen zaie. 

Kanpainak lau gai landuko ditu

Kanpaina honekin "oiartzuarak eremu digitalean dituzten hizkuntza ohituren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi ditugu, askotan, teknologia berrien eremua oso mundu erdalduna izaten baita", zehaztu du Delgadok. Horrek, ordez, ez du esan nahi teknologia berrietan euskaraz aritzeko aukerarik ez dagoenik.

Euskara sarera kanpainaren baitan, lau gai landu dira: whatsappez idazteko erabiltzen dugun hizkuntza; telefono mugikorra konfiguratua dugun hizkuntza; Interneten nabigatzeko hizkuntza eta sare sozialetan erabiltzen duguna. Guztietan dago euskaraz egiteko aukera eta horixe da errepikatuko den galdera: "Nik euskaraz egiten dut, eta zuk?".

Hori dela eta, oiartzuarrak hausnartzera gonbidatu eta sarean zein teknologia berrietan ere, euskaraz bizitzeko aukera egitera animatu nahi ditugu.

Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, "euskarak ingurune digitalean duen ikusgarritasuna handitzeko erabakigarria da ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea eta horregatik garrantzitsua da erabiltzaileek gailuak euskaraz konfiguratuta izatea, nabigatzaileak zein mugikorrak".

Udala, UEMA eta PuntuEus Fundazioaren elkarlana

Oiartzungo Udala UEMAko -Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea- kide da. UEMAk udalerri euskaldunetako herritarrok esparru guztietan euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatu ahal izateko lan egiten du, besteak beste. Bestetik, Oiartzungo Udalak eta UEMAk, eremu digitala euskalduntzeko hitzarmena sinatua dute PuntuEus Fundazioarekin eta bat egiten dute bide honetan.

Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakariak adierazi duenez, "erakundeen eta eragileen arteko elkarlana askotan aipatzen da, eta argi dugu horixe dela bidea, batzuen eta besteen ahaleginek emaitza oparoagoak eman ditzaten. Elkarlanean, nork bere esparrutik, sarean eta mezularitza aplikazioetan ere euskaldunak garela gogoratzeko borondateak batu gaitu, herritarrak kontzientziatu eta hizkuntza ohituretan eragin nahian".

Elkarlan horrek euskararen arnasgune garen herriok joka dezakegun paper garrantzitsua agerian uzten du. "Eragin globala lortzeko tokitik aritzea ezinbestekoa da, txikitik handira jardunez, euskararen aldeko aldakerak eragiteko", uste du PuntuEus Fundazioko Waliñok.

Sarean eta euskararen normalizazioa bultzatzeko, hiru erakundeen arteko elkarlana du abiapuntu Euskara sarera egitasmoak. Waliñok borobildu duen moduan, "ekimen honen arrakasta euskararen arrakasta izango da".

Gehigarriak

Udalak, UEMAk eta PuntuEus Fundazioak Euskara Sarera kanpaina martxan jarri dute