Arlo sozioekonomikoan euskara normalizatzeko ekimenen dirulaguntzen baldintzak zabaldu ditu Udalak

Eskaerak abenduaren 15a arte egin daitezke

Euskara sailak Oiartzungo arlo soziekonomikoan euskararen normalizazioa sustatzeko ekimen gehiago lagunduko ditu diruz aurrerantzean. Eskaerak dagoeneko egin daitezke Euskara sailean. Abenduaren 15a arte izango da eskaerak egiteko epea.

Aurrerantzean, euskararen normalizazioan dirulaguntza berak izango dituzte enpresek (txiki, ertain eta handiek), merkatari eta ostalariek, eta elkarteek. Guztiek laguntza tekniko eta ekonomiko berdinak eskatzeko eta jasotzeko aukera izango dute (orain arte, arlo bakoitzean lagundutako ekintzak ezberdinak izan dira).

Udalak herriko enpresa, elkarte eta, merkatari eta ostalariek euskara sustatzeko egiten dituzten ekintzak %50ean lagunduko ditu (gehienez ere 2.000 € arte).

Euskararen erabileraren normalizaziorako edozein ekimen lagunduko du Udalak. Adibide gisa, hauek: webguneak euskaratzea; tiketak euskaraz egitea; itzulpenak; poltsak euskaraz jartzea; ordenagailuko programak euskaraz jartzea; establezimendu edo enpresa barruko errotulazioa euskaratzea...

21.800 € bideratuko ditu Udalak arlo sozioekonomikoan euskara normalizatzeko ekimenak laguntzera 2021. urtean. 

Gehigarriak

Arlo sozioekonomikoan euskara normalizatzeko ekimenen dirulaguntzen baldintzak zabaldu ditu Udalak