Aurten ere, egin errenta aitorpena euskaraz!

Iaz oiartzuarrek egindako errenta aitorpenen %37,43 izan ziren euskaraz

2020ko errenta aitortzeko epea zabaldu den honetan, Oiartzungo, Errenteriako, Lezoko eta Pasaiako udalek dei egiten diete Oarsoaldeko zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko eta, bidenabar, ogasunarekin harremana euskaraz izatera animatu dituzte herritarrak.

Gipuzkoako Foru Ogasunaren Errenteriako bulegoaren aurrean eginiko agerraldian parte hartu dute Oiartzungo Euskara zinegotzi Josu Delgadok, Errenteriako Euskara zinegotzi Itziar Ostolazak, Pasaiako Euskara zinegotzi Loreto Osak eta Lezoko Ogasun zinegotzi Laura Muñozek.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin dezakezu, baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten duzuenean ere euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz.

Errenta aitorpena euskaraz egitea urrats bat gehiago da ogasunarekin eta, azken batean, gure helburu izan behar duen administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko bidean. Euskararentzako garrantzitsua da zure aukera, zuri gauza gutxi iruditu arren. Zorionez, urtez urte gero eta gehiago dira errenta euskaraz egiten duten Oarsoaldeko herritarrak eta administrazio publikoekin euskaraz egitea erabakitzen duten herritarrak.

Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu goxo bana zozkatuko dute herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean. Zozketan parte hartzeko hiru bide izango dira aukeran: whatsapp bidez zabalduko den drive bateko formularioa betetzea, www.oarsoarrak.eus webeko formularioa betetzea edota leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea. 

AURTEN ERE EGIN ERRENTA AITORPENA EUSKARAZ! Agian saria eskuratuko duzu!

Gehigarriak

Aurten ere, egin errenta aitorpena euskaraz!