Herriko entitateetan PuntuEus domeinua zabaltzeko erraztasunak emango dituzte
Oiartzungo Udalak eta PuntuEus Fundazioak ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzeko hitzarmen aitzindaria sinatu dute. Euskal Herrian udal baten eta PuntuEus Fundazioaren artean halako zerbait egiten den lehenengo aldia da.
Hitzarmenaren helburua herriko ingurune digitalean euskararen presentzia handitzea izango da. Horretarako, egungo egoera aztertuko da eta egoera ezagutu ondoren, euskararen erabilera handitzeko ekintzak planteatuko dira.
Hasteko eta behin, Udalak erraztasunak emango ditu: PuntuEus domeinua urtebetez ordainduko die herriko 100 entitateri.
Oiartzun, potentzialitate handiko herria
Oiartzungo Udalak ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilera sustatzearen alde egindako apustua ez da berria. Udalaren webgune korporatiboa PuntuEus domeinukua da 2016tik (www.oiartzun.eus).
Jexux Leonet Oiartzungo alkatearen arabera, "Oiartzunen aukera handiak ikusten ditugu. Udalerri euskalduna da eta industrigune zabala du. Potentzialtasun handia dugu PuntuEus zabaltzeko gure herrian".
Oiartzunen 500 enpresa baino gehiago daude tamaina ttiki, ertain eta handikoak.
Udalak sustatutako hiru egitasmoren bidez zabalduko dira PuntuEus domeinuak
Oiartzungo Udalak sustatutako hiru egitasmoren bidez egingo da PuntuEus domeinuaren hedatze lana Oiartzunen: LANIN, Euskara Merkataritzara eta Euskara Elkartera.
Enpresa ttiki eta ertainetan (50 langile baino gutxiagokoak) euskararen erabilera sustatzeko LANIN egitasmoa 2017an jarri zuen martxan Udalak. Orain arte, 42 enpresatan egin dira ekintzak. Webguneen itzulpena izan da gehien eskaini den zerbitzuetako bat.
Euskara Merkataritzara, berriz, herriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan euskararen presentzia handitzeko egitasmoa da. 1995tik dago martxan.
Euskara Elkartera egitasmoa 2006an jarri zuen martxan Oiartzungo Udalak, herriko elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko. Urte batzuetan hitzarmen zehatzen bidez funtzionatu ondoren, gaur egun normalizazio maila altua duten 22 elkartetan lantzen da.
Euskararen normalizazioa, eremu guztietan
Oiartzungo Udalaren helburua euskararen erabilera eta presentzia normalizatzea da, naturalki jarduteko modu bihurtu arte. Horretarako, aktibazioa lantzen du eta zerbitzuak eskaini, herriko esparru ezbredinetan euskararen normalizazioa errazteko. Ingurune digitalean euskararen presentzia handitu eta normalizatzea ere horietako bat da, eta horregatik, Udalak uste du PuntuEus Fundazioarekin bi urterako sinatutako hitzarmenak bide hori urratzen lagunduko duela.
Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko zuzendariaren hitzetan, "PuntuEusek gizartean transformazio digitalean euskaratik eragitea du helburu eta Oiartzungo Udalarekin sinatu dugun hitzarmenak xede hori du: abiatuko ditugun ekimenen bidez euskarak ingurune digitalean duen presentzia indartzeaz gain, Oiartzunen, maila lokalean, transformazio digitala euskaratik sustatzea, merkatari eta enprese txikien digitalizazioa euskaratik bultzatuz".
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika