Urkabe Baitan alokairu sozialeko eta zuzkidurazko etxebizitzak egiteko proiektua landu du Udalak

Elizalde auzoa Urkabe mendiarekin modu seguruan lotzeko ere balioko du egitasmoak

Elizalde auzoan kokatua dagoen Urkabe Baita eremuan zuzkidurazko etxebizitzka (20-25 artean) eta alokairu sozialeko beste 15 egiteko proiektua landu du Udalak.

Udalak sustatu du egitasmoa, eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailarekin hitzarmena adostu du (azkeneko udalbatzarrak onartu zituen aldaketak), proiektua gauzatu ahal izateko. Hitzarmen horren baitan, besteak beste, erakunde bakoitzak egitasmoan egingo duena zehazten da.

Gazteentzako eta behar bereziak dituztenentzako etxebizitzak

Etxebizitza hauek gazteengan eta behar bereziak dituzten herritarrengan pentsatuak daude. Aldi baterako izango dira. 

"Eremu horretan Planeamendu Orokorrak uzten zituen aukerak ikusita, herriko beharrak asebetetzeko moduko egitasmoa" dela uste du Jexux Leonet alkateak. 

Udalak azaldu duenez, eremu konplexua da sarrera-irteerak antolatzeko, batez ere. Oraindik proiektu hori idatzi gabe du Udalak, baina ziurrenik Mosa aldetik bideratuko dira Urkabe Baitarako sarrera-irteerak.

Udal jabetzako eremua zesioan utziko da

Egitasmoa Urkabe Baita jauregian eta inguruko udal jabetzako eremuan garatuko da. Udalak eremua birpertzaletuko du, Eusko Jaurlaritzari zesioan uzteko.

2015-2019 legegintzaldian hasi zen Udala egitasmo hau lantzen. "Gustura" daudela azaldu du Leonetek, "Oiartzunek, bai alde sozialetik zein hirigintzaren ikuspegitik, behar duen zerbait delako".

Elizalde eta Urkabe batzeko aukera

Egitasmoak Elizalde auzoa "lotzeko" eta Urkabe mendira irteera "seguru" eta "txukuna" emateko ere balioko du. Auzoa kohesionatu eta elizaldetarrei natur-gune batera erraz heltzeko aukera emango die.

"Proiektuak bi elementu garrantzitsu ditu: batetik, alokairu beharra duten gazte eta herritarrentzako aukera eta bestetik, Elizalderekin lotura. Legarrea aldea eta herria, bi eremuak lotuko ditu".