Iosune Cousillas, Kultura zinegotzia: Egoera berezi honetan nabarmen geratu da zer den herri bat herritarrik eta herritarrek antolatzen dituzten ekintzarik gabe

Oiartzun herri bizia da. Herriko eragileek antolatzen dituzten ekitaldiek hartzen dituzte kaleak ia astebururo. COVID-19ak eragindako larrialdi egoera honetan, kaleak hustu dira eta nabarmena da Kulturak betetzen duen espazioa.

Herrian antolatzen ziren kultur ekintza guztiak bertan behera geratu dira COVID-19aren krisiarengatik, ezinbestean. Herriko eragileen/kultur ekitaldien garrantziaz jabetzeko balio al du hutsune honek?

Nik uste azkeneko hilabete honetan pairatzen ari garen egoera berezi honekin nabarmen geratu dela zer den herri bat herritarrik gabe, eta herritarrek antolatzen dituzten ekintza horiek gabe.

Manuel Lekuona biblioteka fisikoki itxita dago, baina digitalki bada ere, eskaintzarekin jarraitzen du: maileguak, ipuin-kontaketak, irakurketa taldea... Kultura sailak zalantzarik izan al du horiek martxan mantentzeko?

Bibliotekara fisikoki gerturatu ezin bada ere, gaur egun ditugun baliabide digitalei esker nolabait eskaintzarekin jarraitzeko ahalegina egin da. Kultura sailak ez du izan inongo zalantzarik eskaintza hau zabaltzeko momentuan. Are gehiago, herritarrek egun hauetako aisialdia betetzeko gisa horretako eskaintzak ezinbestekoak direla deritzot.

Atsolorra izan da ospatu ezin izan den ekitaldietako bat, 2019an jaiotako oiartzuarrei ongietorria. Udalak eta 2019ko guraso antolatzaileek hartu al duzue erabakirik honen inguruan?

Bai, elkarren artean hartutako erabakia izan da. Berrogeialdia hasi baino lehen martxoaren 29rako dena antolatua bagenuen ere, bertan behera utzi behar izan genuen egoerak hala behartuta. Dena den, hau guztia pasatzen denean berriz ere bilduko gara eta adostuko dugu data berri bat atsolorra ospatu ahal izateko. Aurtengoan beranduago izango bada ere, Oiartzungo herriak 2019an jaiotako haurrei merezitako ongietorria egingo die.

Eraginik izango al du krisi honek Mendiburu 14ko kultur aretoaren proiektuan?

Jakina da krisialdi honek era batera edo bestera, eragina izango duela. Hala ere, Mendiburu 14 proiektuak lehentasuna du eta, ondorioz, aurrera jarraituko du. Baldintza egokiak ematen direnean, lanekin jarraituko da.

Arizmendi-enea etxea da Kultura sailarekin harreman zuzena duen beste proiektuetako bat. Bukatuxea zegoen zaharberritze lana, baina irekitzea falda da. Proiektuak aurrera jarraituko du?

Bai, zalantzarik gabe. Proiektu horrek ere aurrera jarraituko du. Une honetan etxeko zaharberritze lanak amaitzeke daude. Etenaldia hasi baino lehen, altzarien zaharberritze lanekin hasiak ziren. Ahal den bezain laster jarraituko da eginkizun horrekin. Bestalde, proiektu horrekin batera Arizmendi-etxearen zabalkuntza kudeatzen ari gara. Beraz, esan dezakegu proiektuak aurrera jarraitzen duela.

Ondarearen Etxea izango da Arizmendi-enea. Eragin al du egoera honek Ondarearen Mahaian eta ondarearen arloko lanetan?

Ondare arloko lan nagusienetako bat Oiartzungo ondarea bilduko duen webgunearen osaketa da momentu honetan. Proiektu horrek aurrera darrai. Telelanaren bidez egingarria denez, ez da etenik izan eta une honetan esan daiteke oso aurreratua dagoela. Bestalde, Ondarearen Mahaiarekin harremanetan gaude ondarean inguruko azalpenak emateko. Datozen hilabeteetan izango diren hainbat ekimen eta proiekturen berri eman diegu, horietan ekarpenak egiteko gonbita zabalduz.

Festa garaia ere badator. Egoera arruntean, honez gero xanistebanetako Jai Batzordea martxan zatekeen. Aurtengoan, zein da egoera?

Halaxe da, jadanik lehenengo bilera egina behar genuen. Ez gaude ahaztuta Jai Batzordearekin eta herriko festekin. Guk ere nahi dugun eragileen kemena eta bizipoza herritar guztiengana iristea. Eragileak eta herritarrak gogoan ditugu. Jai Batzordeko kide guztiekin harremanetan jarri gara adierazteko une honetan ezin dugula bildu, baina egoera lasaitzen denean eta horretarako baldintzak daudenean, berriz ere harremanetan jarriko garela beraiekin. Hortik aurrez, ezin da askoz gehiago esan: izan ere, egoerak aginduko du zer nolako pausoak emango diren. Beraz, zain egon behar dugu eta ondoren, ikusiko dugu zein baldintza dauden. Hala ere, Jai Batzordearekin harremanetan egongo gara guztiaren berri emateko.

Mugarri bildumako liburua lantzen ari zarete. Aurtengoa berezia izango da: Xabier Leteri buruzkoa.

Bai, aurtengoa herriko semea zen Xabier Leteren ingurukoa izango da Mugarri. Eta egileak Haizea Saez de Eguilaz, Elixabete Perez Gaztelu eta Anjel Lertxundi dira.

Urtekari Batzordea ere martxan da. Nola ari zarete osatzen urtekaria?

Berrogeialdia hasi baino lehen biltzen hasia zen Urtekari Batzordea. Une honetan fisikoki elkartu ezin bada ere, etxetik bilerak egiten jarraitzen dugu formato digitalean. Berdina ez bada ere, esan daiteke probetxugarriak izaten ari direla, eta Batzordeak bere martxa daramala. Horiek horrela, uztailaren bukaerarako urtekari-aldizkaria gure eskuetan edukitzea aurreikusten dugu.

Udaberria/uda datoz, kaleak ekintzat betetzen diren garaia. Hurrengo hilabeteak nolakoak izango diren aurreikusi dezake Udalak?

Erantzun zaila du galdera horrek! Une honetan inork ez daki zein izango den eboluzioa, noiz arte luzatuko den alarma egoera hau, eta konfinamendu egoera honetan noiz arte egon beharko dugun. Are gutxiago, ez dakigu egungo neurri bereziak amaitzen direnean nolakoak izango diren etorkizunean hartuko diren neurriak eta emango diren aholkuak, besteak beste kultur, kirol edota aisialdirako ekitaldi publikoak antolatzeko. Era berean, ez dakigu aretoetan eta kalean jende-kontzentrazioak onartzeko edo saihesteko neurriak zeintzuk izango diren. Beraz, horren gzutairen baitan joango dira datozen hilabeteak.

Auzoetako festak ere badatoz: eraginik izango al du krisi honetak horietan?

Bai, eragin zuzena izango du, batez ere uda hasieran ospatzen direnetan. Batetik, antolatzeko garaian zailtasunak egon daitezke eta bestetik, gerta daiteke garaia iritsita egoera honengatik festak ospatu ezin izatea. Egoeraren baitan ikusiko da nola jokatu.

Herri eragileek antolatutako ekintzak egingo al dira aurrerago?

Eragileek erabakiko dute aurrerago egin nahi dituzten edo ez, bertan behera geratu behar izan diren ekintza horiei dagokioenean. Guk, noski, haiekin batera jarraituko dugu lanean, eta egoera hau pasatzen denean elkartuko gara berriro, irtenbideak bilatzeko. Aurrerago egingo diren ekintzen antolatzaileekin ere bilduko gara, aukeren eta baldintzen inguruan hitz egiteko.  

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

Gehigarriak

Iosune Cousillas, Kultura zinegotzia: Egoera berezi  honetan nabarmen geratu da zer den herri bat herritarrik eta herritarrek antolatzen dituzten ekintzarik gabe