Aitor Thalamas, Oiartzungo osasun zentroko zuzendaria: Ondo goaz, baina oraindik pandemia ez da bukatu eta aholkuak jarraitu behar ditugu

Aitor Thalamas Oiartzungo osasun Zentroko zuzendaria da. COVID-19ak eragindako osasu larrialdiari buruz aritu gara berarekin. Herritarrentzako aholku eta irizpide argiak jakinarazi ditu Osakidetzako medikuak.

Oiartzungo osasun zentroan nola ari zarete bizitzen COVID-19 larrialdi egoera?

Orain ondo gaude, baina momentu txarrak pasatu ditugu. Batez ere, lehenengo asteetan. Urduritasuna izan dugu, izan ere ez genekien zeri egin beharko genion aurre, eta ez genekien Oiartzungo biztanleriak nola erantzungo zuen pandemiaren aurrean.

Osasun sailak eta profesionalek oso mezu garbiak eman dituzue osasun larrialdi honetan.

Baietz uste dut. Oiartzungo biztanleriak oso ondo ulertu du egoera honetan ze garrantzitsua den etxean geratzea, eskuen garbiketa eta pertsonen arteko distantzia mantentzea. Osasun zentroarekin lehen kontatua egitearen beharra ere onartu dute.

Eskuak maiz garbitu, eztula egiterakoan ahoa estali... Oraindik oinarrizko aholkuak horiek al dira?

Bai noski, aholku hauek jarraitzea ezinbestekoa da. Birusaren transmisioa pertsonen artekoa da batez ere. Zuzeneko kontaktua eta zuzenekoa ez den kontaktuaren bitartez transmititzen da birusa. Zuzeneko kontaktu bidezko transmisioa eztula egitean eta hitz egiterakoan botatzen ditugun mikropartikulengatik gertatzen da batez ere. Zuzenekoa ez den transmisioa, berriz, kutsatuta dauden objektuak ukitzerakoan gertatzen da, izan ere birusa eskuan egon daiteke eta honen bitartez, gorputzeko beste ataletara zabaldu. Aholku hauek gure egunerokoaren parte bihurtu behar dira. 

Orain, mahai gainean daukagu maskaren gaia. Nire ustez beharrezkoa da, batez ere birus-eramaile asintomatikoei aurre egiteko. Etorkizunean, konfinamendua altxatzerakoan, ziur nago denbora batez maskarak eraman beharko ditugula.

Oiartzunen COVID-19ko 12 kasu positibo detektatu dira orain arte. Kopuru hori nola baloratzen duzue?

Oso ondo. Datuen arabera, 1/1000ko dugu. Gure herriak abantaila garrantzitsu bat dauka, oso sakabanatua egoteak zuzeneko transmisioa galarazten baitu. Hirietan, adibidez, kasu tasa handiagoa ikusten dugu, abantaila hau ez dutelako.

Sintomak dituenak Oiartzungo osasun etxearekin jarri behar du harremanetan. Nola artatzen da pazientea?

Arnasbideko sintomekin, hau da, eztula, kalentura edo nekearekin hasiz gero, norberaren osasun zentrora deitu behar da. Administratiboek sintomen arabera bideratzen dituzte pazienteak. Ondoren, medikuak pazientearekin telefono bidez kontaktuan jartzen dira eta balorazioa egiten dute, tratamendua eta beharrezko aholkuak emateko. Medikazioaren bat behar baldin bada, Osakidetzako txartelean sartuko du medikuak, horrela farmaziara joango da pazientea zuzenean. Gure helburua sintomen arabera pazienteak sailkatzea da, eta ahal bada tratamendua etxean jasotzea. Ospitalera sintoma larriak dituzten pazienteak bakarrik bideratuko ditugu, larrialdiek gainezka ez egiteko.

Zein mezu da herritarrek argi eduki behar dutena?

Batetik, ondo goazela, baina oraindik pandemia ez da bukatu eta aholkuak ematen jarraitu behar dugu. Luzea izango da eta erne egon behar gara. Bestetik, etxean geratzea eta arnas sintomak agertzerakoan osasun zentroarekin telefonoz harremanetan jartzea aholkatzen dugu. 

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

Gehigarriak

Aitor Thalamas, Oiartzungo osasun zentroko zuzendaria: Ondo goaz, baina oraindik pandemia ez da bukatu eta aholkuak jarraitu behar ditugu