Eneritz Arbelaitz, alkateordea: Badakigu zeharkako ondorioak dakartzala honek guztiak, eta horretarako ere prestatzen ari gara udaletxean

COVID-19ak eragindako larrialdi egoerak eragin zuzen izan du udaletxeko jardunean. Hala ere, ez dago geldirik. Eneritz Arbelaitz Ingurumen eta Landa lur zinegotzi eta alkateordeak berak zuzenean kudeatzen dituen gaiak izan ditu hizpide: udaletxeko eguneroko jarduna; mugikortasuna; hondakinen kudeaketa; merkataritza ttikia; Oiartzun Aurrea bolondres sarea; landa lurra...

Nola eragin du udaletxeko lanean COVID-19ak eragin duen larrialdi egoerak? 

Bat-batean, egoera berri hau kudeatu beharrean gaude eta egunerokoa erabat aldatu zaigu. Alerta egoera etengabean gaude eta ezjakintasun puntu batekin ere bai. Egia da duela bi astetik hona egoera pixka bat erlaxatu dela. Izan ere, hasieran ezjakintasun handiagoa zegoen. Orain helburua zein den finkatua dugu, segurtasun neurriak eta lehentasunak zeintzuk diren badakizkigu, eta horren baitan ari gara lanean, bai Udal barruan eta baita herritarrie begira ere.

Langileen segurtasunerako zein neurri hartu ditu Udalak?

Hasieratik esan ziguten eskuak garbitzea zeinen garrantzitsua zen. Ondoren, segurtasun distantzia aipatu ziguten. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu langileek behar dituzten babeserako neurriak. Eta arazo handia egon da babeserako materiala eskuratzeko. Maskarak, eskularruak edota eskuak garbitzeko gelak erosteko arazoak daude leku askotatik eskatzen ari garelako aldi berean. Udal zerbitzu batzuk ezinbestean lan egin behar dute eta babes neurriak behar dituzte. Adibidez, udaltzaingoak edota etxez etxeko zerbitzuak. Nahitaez behar ditugu baliabide horiek. Neurri hauekin lortu behar dugu birusa ez hedatzea, alde batetik gure langileak babestuz eta era berean herritarrak ere babestuz. Segurtasuna bermatu behar da lehenengo, lana egin ahal izateko. Bestetik, telelanaren bidez langileek etxetik lan egiteko baliabideak jarri behar izan ditugu. Hau guztia berria ari da izaten guztiontzat, baina uste dut informatikoki ere nahiko ongi erantzun diogula egoerari. Langileen mugikortasuna murriztu dugu telelana martxan jarriz.

Oiartzun Aurrea bolondres sarea sortu da Oiartzunen. Udala eta sarearen artean zuzeneko harremana dago. Nola baloratzen duzu herritarrek hartu duten konpromisoa?

Konfinamendua bera dekretatu aurretik hasi ginen pertsona eta eragileen artean saretzen. Egia esan, Oiartzunen jendea kontzientziatua zegoen aurretik ere, eta Udaletik neurriak hartzen hasiak ginen bezala, eragile batzuk ere hasiak ziren beraien jarduna egokitzen. Hasieratik koordinazio taldetxo bat sortu genuen, eta ondoren azpitaldeak osatzen joan gara. Bolondres sarea alde batetik, aisialdiaren beste bat, psikologoena... Ideia asko ari dira ateratzen, eta ehundik gora herritarrek eman dute izena bolondres sarean. Ikaragarria da. Bolondes sarean izena eman ez duten asko ere beraien bizilagunekin harremanetan daude, zerbait behar badute laguntzen, Biyurrienea txalentx-etan edota kultur sorkuntzan ari dira. Herrian jende asko dago urtean zehar lanean eragile edo mugimenduetan, eta orain ere hori ikusten ari gara. Beste modu batera, baina jendeak herrilanean jarraitzen du: bizi dugun gizarte eredu hau iraultzeko alternatibak zabaltzen, komunitatea egiten, iraultza egiten. Nik uste dut egoera honek ondorio latzak utziko dituela, baina bestalde, hausnarketarako guneak ere sortzen ari dira eta modu kolektiboan lan egiten, nahiz eta bakoitza bere etxean dagoen. Uste dut tresna oso garrantzitsua dugula esku artean, gerora ere erabiliko duguna: #oiartzunaurrea ekimenaren blogean oso informazio interesgarria dago: autoformakuntzarako liburuen gomendioak, hitzaldiak, kultur eskaintza, hezkuntza baliabideak... Lanketa hau gerorako ere oso garrantzitsua izango da. Blogean sartu eta saltseatzea gomendatuko nioke edonori, oiartzuarra izan edo kanpokoa izan.

Kale garbiketa zerbitzua mantentzen du Udalak. Zer egiten da egun hauetan?

Kale garbiketa zerbitzua berrantolatu egin da. Kaleak garbiagoak daude, jendea etxean dagoelako eta ondorioz ez delako horrenbeste zikintzen. Zerbitzu horren ordez, desinfekzio lanak egiten ari gara. Goizero, adibidez, osasun-etxeko aurrealdea eta Petra Lekuona zaharren egoitzako ataria desinfektatzen ditugu. Autobus geltokiak, denda aurreak... desinfektatzen ari gara. Azken finean, jendea dabilen lekuak dira. Aipatu nahi nuke Ingurumen Astea antolatua zegoela martxoaren 23tik 29ra, eta garrantzia handia eman nahi genion kale-garbiketaren gaiari. Kalean hondakin ugari ikusten ditugu eta herritarrek lurrera botatzen dituztenak dira. Kale garbitzaileek jasotzen dituzte batzuk, baina herri guztia egunero ezin da garbitu, ez da bideragarria eta gainera ez da logikoa herritar batek lurrera edozein hondakin edozein momentutan bota ahal izatea, eta gero denek hori garbitzeko zerbitzua ordaindu behar izatea. Egoera hau ikusgarri egin nahi genuen ekimen batekin. Plazan kaiola bat jarri nahi genuen, jendeak ikus zezan lurrera zer botatzen dugun. Ekimen hau azkenean ezin izan dugu egin, baina beste gauza bat ari gara ikusten: jendea etxean dagoenean kalea garbi dagoela. Gai honen inguruan ere hausnartu beharko dugu, ezta? Klima aldaketaren inguruan asko hitz egiten ari ginen koronabirusaren aurretik, baina hondakinen kudeaketaren inguruan ere Zaldibarko zabortegian gertatutakoa dela eta. Ezin dugu ingurumenean dugun krisia ahaztu. Honetatik guztitik ere ikasi beharko dugu: zein hondakin mota sortzen ditugun, nola kudeatzen diren, nola murriztu dezakegun, norberaren ekintzek zenbateko garrantzia duten besteengan... Bide batez, aipatu nahi dut Ingurumen Asteko egitarauan antolatuta zeuden ekintzak ez badira egin ere, #oiartzunaurrea-ko blogean gai hauen inguruko hausnarketak badaudela.

Atez ateko hondakinen bilketan aldaketa batzuk eragin ditu koronabirusak. Nola berrantolatu da bilketa?

Atez ateko bilketa egiten dugun herrietan bilketa pertsonalizatua antolatzen ari gara. COVID-19ak kutsatutakoen eta berrogeialdian daudenen hondakinak nola kudeatu behar ziren zioen oinarrizko irizpideak jaso genituen eta ondoren, gure hondakinen bilketa nola egingo genuen erabaki genuen. Familia bakoitzaren egoeraren arabera antolaten dugu etxe horretako hondakinen bilketa. Helburua da hondakin horietan birusa egonez gero neurriak hartzea ez zabaltzeko. Bilketa pertsonalizatuaren prozedura martxan jartzeko udaltzainetara deitu behar da, 943 49 33 11 telefonora. Galderak egingo dizkiote herritarrari eta ondoren Udalak proposatuko dio herritarrari nola bildu haren hondakinak. Aipatu bezala, zerbitzua pertsonalizatua da. Ez da hondakinen gaueko bilketa orokorrarekin egingo eta honela lortu nahi dugu segurtasuna bermatzea. Badaezpada, neurri hauek berrogeialdian daudenei ere aplikatu behar zaizkie. Horrek ez du esan nahi kutsatuta daudela, baina prebentzio neurria da.

Oinarrizko hondakinen bilketa ari gara egiten momentu honetan, egunerokoan etxean sortzen direnak (organikoa, ontzi arinak, papera eta kartoia, eta errefusa). Altzari bilketarik, adibidez, ez dugu egiten. San Markos Mankomunitateak ere garbiguneak (Talaiakoa eta auzoetara joaten ziren ibiltariak) itxi ditu.

Eraikin publikoen garbiketa egiten jarraitzen al du Udalak?

Zerbitzu hau berrantolatzen ari gara. Adibidez, Manuel Lekuona biblioteka itxita dago, ikastetxeak ere bai, baina garbiketa sakonak egin behar dira, eta beste leku batzuetan garbiketa indartu. Azkenean, lan batzuk murriztu egin dira, baina beste batzuk indartu behar izan ditugu.

Herri barruko garraio publikoan gutxieneko zerbitzuak jarri dituzue. Nola funtzionatzen dute Xorrolak eta taxibusak?

Etxean egotea gomendatzen dugu, hala ere, pertsona batzuk etxetik atera behar dute: osasun etxera joan behar dutelako, botikara edo asteko erosketak egitera. Oiartzun herri handia da eta auzo batzuetan ez dago erosketak egiteko aukerarik eta farmaziak ere auzo gutxitan daude. Beraz, ezinbestekoa da jendeari garraio aukera ematea oinarrizko mugimendu horiek egiteko. Momentu honetan, Xorrola herri barruko autobusa bidaien erdiak ari da egiten. Orduro itzuli bat egiten du, eta tarteko denboran autobusa garbitzen da. Ibilbidea ohikoa da, Arraguako Larrezabaletatik pasatzen dena. Orduro, Arraguatik eta 10ean abiatzen den itzulia egiten da. Taxibusak, berriz, telefono bidez deituta funtzionatzen du. Ez dabil ohiko ordutegian eta ohiko ibilbidean. Norbaitek herrira etorri behar badu, 943 49 14 74 telefonora deitu behar du taxilariari abisatzeko zein auzotan behar duen zerbitzua. Ahalik eta gutxien mugitu behar dugu, eta hori jendeak ulertu du. Garraio publikoaren erabilera ikaragarri murriztu da, eta horrek jendea etxetik ez dela ateratzen esan nahi du. Hartutako neurriak jendeak errespetatzen dituela ikusi dugu.

Udalak Itturri merkatari elkartearekin zuzeneko harremana du. Herritarrak erosketak komertzio ttikian egitera animatzen al ditu Udalak?

Momentu honetan oso garrantzitsua da merkatari txikiak ere babestea. Komertzio batzuk itxita daude eta egoera hau bukatzen denean beraien egoera larria izango da, kontuan hartu beharko dugu. Hasieratik, beraien babes neurriek kezkatu gaituzte. Distantziak errespetatzeko laguntza eskaini diegu. Bestalde, erosketak egitera doazenei gomendatzen diegu etxetik gertuen duten dendara joateko. Hori bai, erosketak egitera ateratzen garenean, eguneko erosketak soilik ez egitea komeni da eta egun batzuetarako elikagaiak hartzea.

Lehenengo sektorea indarberritzeko Lurbizi egitasmoa ez da eten egoera honetan. Zein arrazoi daude?

Elikatu egin behar dugu eta horretarako, ezinbestekoak dira ekoizleak. Ekoizleei ere eragiten die honek guztiak. Zuzeneko salmenta murriztu da eta askoren sostengua salmenta zuzen hori da. Oiartzunen ditugun kontsumo taldeak oraingoz martxan daude, baina ikusiko dugu orokorrean ekoizleei nola eragiten dien krisi honek. Krisialdi honetatik ateratzen garenean zein ikuspegirekin hartzen diren erabakiak gakoa izango da. Zertan jarriko ditugu indarrak, zein eredu indartu behar dugu? Eta gakoa dira honetatik lehen sektorea indartzea, merkataritza txikia indartzea, tokiko ereduak sustatzea. Ezin dugu ahaztu gai hauetaz. 

Udala ari al da aurrera begirako neurriak prestatzen?

Orain arte hartu ditugun neurriak birusaren hedapena ekiditeko izan dira. Hori oso garrantzitsua da gure osasun sistema ez kolapsatzeko eta gure herritarrak babesteko. Badakigu zeharkako ondorioak dakartzala honek guztiak, eta horretarako ere prestatzen ari gara udaletxean. Adibidez, zerga egutegia aztertzen ari gara, gizarte zerbitzuetatik laguntzak bideratzen... Egoera latza bizitzen ari diren herritarrak daude eta egoera okertuko zaienak ere egongo dira. Herritar horien egoera hobetzeko prest egon behar dugu. Osasun krisi honetatik irten ondoren, beste krisi batzuetatik irten beharko dugu eta nola irteten garen oso garrantzitsua izango da. Zein pespektibarekin hartzen diren erabakiak gakoa izango da, eta gure lehentasuna egoera gogorrak bizitzen ari direnei laguntzea izango da eta horretarako bitartekoak jartzea. Aurrerago honen guztiaren inguruko informazioa zabalduko dugu.

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

Gehigarriak

Eneritz Arbelaitz, alkateordea: Badakigu zeharkako ondorioak dakartzala honek guztiak, eta horretarako ere prestatzen ari gara udaletxean