Jexux Leonet, alkatea: Herritarrek barneratu dute norberaren jarrera zein garrantzitsua den besteekiko

Pasa den ostegunean, hilak 12, COVID-19 gaitza zabaltzen ari zela eta, estatu mailan neurri zorrotzak hartu ziren. Egoera berri horren harira, Oiartzungo Udalak ere hainbat erabaki hartu zituen eta herritarren artean gomendio garrantzitsuak zabaldu zituen. 

Astebete igaro delarik, une egokia da Jexux Leonet alkatearekin orain artekoari errepaso bat eman eta datorrenari buruz hitz egiteko

Nolakoa da Oiartzungo egoera?

Oiartzun ez dago isolatua, inguruko beste herriak bezala dago. Oraingoz, COVID-19aren kasu gutxi daude kontatuta eta egoera nahiko kontrolatua dago. Kezka badago aurrera begira nola eragingo duen, bai gaixotasunak berak, bai herritarrengan pertsonalki eta  baita orkorrean ere.

Zenbat kasu daude Oiartzunen?

Martxoak 23ko datuen arabera konfirmatuak sei daude. Hala ere, inguruko herrietan bezala, kopuru honek gora egingo du.

Oiartzungo Udalak lehenengo momentutik hartu zituen erabakiak eta zabaldu zizkien hainbat gomendio herritarrei. Zeintzuk dira hartutako neurriak?

Konfinamenduko aginduaren aurretik udaletxeko langileei begira eta udal zerbitzuei begira prebentzio plana jarri genuen martxan. Horren arabera, gomendioak zabaldu genizkien herritarrei, elkarteei eta baita herriko tabernari eta jatetxeei ere. Neurri horietan garrantzitsuena zen jende pilaketak ekiditea eta antolatuta zeuden ekitaldiak bertan behera uztea. Udaleko hainbat zebritzu (Manuel Lekuona biblioteka, Elorsoro kiroldegia...) ere itxi ziren.

Ardura pertsonal eta kolektiboarekin hartutako neurriak betetzen ari al dira herritarrak? Ari al gara pertsona guztien zaintza bermatzen eta osasuna babesten?

Nik esango nuke oso jarrera arduratsua dagoela herritarrek aldetik, salbuespenak salbuespen. Ez zait gustatzen salbuespenetan begirada jartzea, ez egoera honetan, ezta gainontzeko edozein egoeratan ere. Egoera hau denentzako ezezaguna da eta egiten ari garen ibilbidea ere berria da. Zentzu horretan, konfiantza osoa daukat herritarrengan. Nik uste dut denak jabetu garela egoera zein den eta zer egin dezakegun bakoitzak egoera hau ahalik eta hobekien eramateko. Herritar guztiek barneratu dute norberaren jarrera zein garrantzitsua den besteekiko.

Adineko jendearekin kontaktua mantentzeko gomendioa ere azpimarratu zenuten.

Pandemia honen estatistiken arabera, 3. adineko pertsonengan gehiago eragiten du. Egoera honen aurretik ere beti kezkatu gaitu gure aiton-amonen zaintzak. Etorri zaigun eszenatoki honetan, horrek berebiziko garrantzia hartzen du. Udaletik ziurtatu nahi dugu kolektibo horrek arreta ziurtatua daukala eta zainketa ere bai. Udaletik, 70 urtetik gorako herritarrei deika ari gara beraien egoeraren berri jakiteko. Dituzten beharrak detektatu nahi ditugu, laguntza eskaintzeko. Bestalde, harremanetan gaude Oiartzunaurrea bolondres sarearekin eta detektatu ditugun behar batzuk bolondresekin bideratzen hasiak gara. Egin ditugun dei guztien ondoren, baieztatu dezakegu gure aiton-amonek erakusten duten heldutasuna izugarria dela eta, beti bezala, beraien jarrera eredugarria izaten ari da. 

Oiartzuarrok ongi betetzen ari al gara koronabirusari aurre egiteko ezarritako aginduak?

Nik uste herritarrak ardurarekin jokatzen ari direla. Astebete daramagu egoera berezi honetan, baina oraindik gutxienez beste hiru aste geratzen zaizkigu. Beharrezkoa izango dugu denok pazientzia eta indarra egoera honi aurre egiteko. Jabetu behar dugu arazo larri baten aurrean gaudela, baina horrek ez gaitu eraman behar beldurrezko eszenatoki batera, beldurra bera oso arriskutsua baita. Arazo larri bat dugunean beharrezko elementua da neurtzea zein den egoera eta lasaitasunarekin aurre egitea.

Zein da Petra Lekuona zaharren egoitzako egoera?

Daukagun informazioaren arabera, normaltasunezko egoera daukate, beti ere kontuan harturik arrisku eremua dela eta horrek behartzen ditu babes neurri bereziak hartzera. Bisitak mugatuak daude, adibidez.

Etxez etxeko zerbitzuak jarraitzen al du? Zein da langile horien egoera?

Etxez etxeko zerbitzuak jarraitzen du. Egokitu egin dugu zerbitzua behar-beharrezkoak duten herritarrengana, inguruan senidiak ez dituztenengana edo zerbitzu berezia daukatenengana. Horrekin pertsonen arteko kontaktua murriztu nahi izan dugu. Etxez etxeko langileen egoera konpromisozkoa da eta hartu behar diren segurtasun neurriak hartzen ari gara, bai langileak babesteko, eta horren bidez, herritarrak ere babesteko.

Kale eta auzoetako garbiketa zerbitzuak lanean jarraitzen al du? Zerbitzu hori indartu al duzue?

Zerbitzuak jarraitzen du. Alde batetik, kalean jendea ez dabilenez zikinkeria gutxiago dago. Lan hori murriztu bada ere, garbiketa sakonagoak egiten ari gara.

Herritarren konfinamendua goxatzeko, hainbat ekimen jarri dira martxan herrian. Zer deritzozu?

Hasieratik guk argi genuen egoera hau ez zela bi asterako soilik izango. Horren aurrean, ezinbestekoa da herritar guztiek egoera ulertzea eta elkar lagunduz aurrera begira jartzea. Duela aste eta erditik herriko eragile eta herritarrekin kontaktuan gaude, eta bolondres sarea martxan jartzeaz gain, momentu honetan gure etxean zer egin dezakegun hausnartu eta eraldaketarako guneak sortzea ere ezinbestekoa ikusten dugu. Etxean haurrekin zer egin, autoformakuntzarako tartetxoak hartu, kultura sorkuntza bultzatu, bizilagunen arteko harremanak indartu... Hori guztia oso garrantzitsua da modu kolektiboan erantzuteko larritasun egoera honi.

Gauero-gauero herritarrak bat egiten ari dira deialdi ezberdinekin. 

Bai, hasieran 20:00etan osasun langileen aldeko txaloak hasi ziren, gerora beste deialdi batzuk ere egin dira -Soraluzeko hilketa matxista salatzeko, erregea kanpora kazerolada...-. Bizilagunen arteko animaziorako tartetxoak ere sortu dira hainbat auzotan. Egoera bitxiak eta interesgarriak sortzen ari dira. 

EUDELek hainbat aholku eman ditu zergen kobraketa atzeratzeko. Zein dira Udalaren asmoak?

Egoera berezi honetan ezinbestekoa izango da epeak malgutzea. Etxe batzuetan egoera larriak biziko dira eta egoera horiek arintzea ezinbestekoa da. Osasunaren aldetik pertsona zaurgarriak aipatzen dira, baina gainontzeko eremuetan ere herritar zaurgarriak dira, ekonomikoki zailtasunak dituztelako, edota etxesan oso egoera zailak bizitzen ari direlako (indarkeria matxista kasuak, adibidez). Guztiengan pentsatu behar dugu egoera zail honetan.

Neurri ekonomiko bereziak hartu al ditu Udalak kolektibo zaurgarrienei laguntzeko?

Lehenik, prebentzioaren eta segurtasunaren inguruko erabakiak hartu ditugu. Momentu honetan dagoeneko aurrera begira egon daitezkeen ondorioak aurreikusten eta aztertzen ari gara. Azterketa honen ondorioa izango da zein neurri zehatz hartuko ditugun. Ondorioak arlo guztietan edukiko ditu, beraz, azterketa sakona eta zuzena egin beharko dugu, prozedurak zehaztuz eta ahalik eta erraza izateko.

Besterik.

Oiartzuar guztiak eskertu nahi ditut , momentu batetik bestera gure bizitzako ohiturak aldatu behar izan baititugu eta horiek errespetatzen ari direlako. Betalde, #oiartzunaurrea ekimenaren baitan bolondres bezala izena eman dutenen eta proposamenak egiten ari direnen jarrera aipatu nahiko nuke. Bukatzeko, egunero-egunero gure osasuna zaintzeko lanean ari diren langile guzti-guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. 

Elkarrizketa hau gaurko DVko kronika lokalean publikatu da. 

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

Gehigarriak

Jexux Leonet, alkatea: Herritarrek barneratu dute norberaren jarrera zein garrantzitsua den besteekiko