Harrera Astea antolatu dute Udalak eta herriko eragileek

Harrera saioa, dokumentala, liburu-aurkezpena eta hitzaldiak izango dira

Oiartzunera etorriberriak integratzea ezinbestekoa da herriaren kohesiorako eta Oiartzunek bere izaera mantentzen jarraitu dezan. Horregatik, hilaren 14tik 20ra bitartean, Udalak eta herriko zenbait eragilek (Abaraxka ludoteka, El-Watan elkartea, Elika kooperatiba, 10301 ekimena...) Harrera Astea antolatu dute. Gure herrira etorriberriei harrera egiteaz gain, harrera beharrean dauden errealitate batzuk ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie herritarrei.

Lehenengo ekintza Udaleko Euskara eta Gizarte-Ongizate sailek antolatuta hilaren 14an (larunbata) herrira etorriberriei egingo dieten harrera saioa izango da. Harrera saio hauen helburu nagusia Oiartzun aurkeztu, dauden zerbitzuak azaldu eta euskarak gure herrian duen garrantzia transmititzea da. Abaraxka ludotekan izango da saioa, ludotekako kideen laguntzarekin (17:00etan).

Dokumentala, liburu-aurkezpena eta Oporrak Bakean

Harrera Asteak hurrengo astean segituko du. Lehenengo ekitaldia dokumental-emanaldia izango da hilaren 17an (asteartea): 24 millas. Mediterraneo itsasoan 2017an Aita Mariren Maydayterraneo proiektuak egin zuen lehenengo erreskatearen istorioa jasotzen du lanak (udaletxeko areto nagusian, 18:00etan). 

Hilaren 18an (asteazkena), Amets Arzallusen eta Ibarima Balderen Miñan liburuaren aurkezpena izango da (udaletxeko areto nagusian, 18:00etan). Arzallus bertan izango da liburua aurkezteuko. Baldek Gineatik Euskal Herrira heltzeko egin duen bidaia eta izan dituen bizipenak biltzen ditu liburuak.

Azkenik hilaren 20an (ostirala), El-Watan Sahararen aldeko elkarteak Oporrak bakean programa aurkeztuko du, Sahararen gaur egungo egoera azaltzearekin batera (udaletxeko areto nagusian, 19:00etan). Oporrak bakean programak uda sasoian Tindufeko errefuxiatu guneetan bizi diren haurrak Euskal Herrira ekartzen ditu, basamortuko bero handienetik ateratzeko eta osasun-jarraipena egiteko. Oporrak bakean haurrak etxean hartzeko prest dauden familia bolondresei esker da egingarria eta Udalak laguntzen du.

Gehigarriak

Harrera Astea antolatu dute Udalak eta herriko eragileek