Bost urtean %28,3 igo da bidaiarien kopurua
Xorrola herri barruko autobusaren erabilerak igotzen jarraitzen du urtez urte. Iaz, 93.027 erabiltzaile izan zituen. Bost urtean %28,3 igo da herri barruko garraio publiko honen erabilera. Azkeneko urtebetean izandako igoera ere nabarmentzekoa da: %6ko igoera izan zen.
Iazko irailetik aurrera larunbat goizetan ere zerbitzua ematen du Xorrolak eta Mugi sisteman sartu da. Herri barruko autobus zerbitzuaren eskaintza hobetzeak erabileraren egoeran eragina izan du.
Xorrola gehien erabiltzen dutenak 25 urtez azpiko gazteak (%26,41) eta 65 urtez gotiko helduak (%19,7) dira. Bien artean, erabiltzaileen %46,11 osatzen dute. Kontuan izatekoa da bost urtez beheitiko haurrek dohainik erabiltzen dutela autobus zerbitzua.
Hilero, batez beste 7.752 erabiltzaile izan zituen Xorrolak iaz. Hala ere, datuek erakusten dute opor garaian -Aste Santua, abuztua eta Gabonak- erabiltzaile kopurua jaitsi egiten dela eta ikasturtean, igo.
Mugi txartela, erabiltzaileentzako abantailekin
Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren Mugi sisteman txertatua dago Oiartzungo Udala, eta ondorioz, Xorrola herri barruko autobus zerbitzua ere bai. Iazko irailetik abendu bukaera arte egin ziren bidaia gehienak (%90,58) txartel bakarrarekin egin zituzten Xorrolako erabiltzaileek.
Txartel bakarrak deskontuak, prezio murrizketak... eskaintzen dizki erabiltzaileei. Udalak Mugi txartelaren abantailen onuradun izateko, herritarrak txartela egitera animatu nahi ditu. Horretarako aukera dago Arraguan (Pikoketa estankoan), Elizalden (Urrats paperdendan eta Zapirain estankoan) eta Ugaldetxon (Mamut merkatalguneko estankoan).
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika