Eskola Kirolan 22 talde osatu dira Oiartzunen ikasturte honetan

Eskualdeko datuak aurkeztu dituzte gaur udal ordezkariek

Oarsoaldeko Eskola Kirolaren 2019/2020 ikasturteko lehen datuak aurkeztu dituzte gaur goizean udal ordezkariek. Horien artean izan da Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordea. Daturik nabarmenenak eta eskualde honetako Eskola Kirolaren filosofia, helburuak eta funtzionatzeko moduak azaldu dituzte egitura osoa profesionala duen eskualdea dela nabarmenduz.

Oarsoaldeko lau udalek 20 urte inguru daramatzate Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek, Eskola Kiroleko koordinatzaileen bitarteaz, gidatzen du lan hori. 

Eskola Kiroleko adierazleek hobetzen jarraitzen dute. Aurten ere eskualdeko Eskola Kirolak azken urteetako bilakaerari eusten dio, datuak ikusi besterik ez dago.

Eskualdeko ikasleen erdiak Eskola Kirola egiten du eta nesken parte-hartzea gorantz jarraitzen du.

Ikasleen %48,93k egiten du Eskola Kirola aurten. 8 eta 12 urte arteko 1.328 ikaslek egiten dute Eskola Kirola Oarsoaldean. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.714 dira guztira. Honek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia, ikasleen ia erdiak egiten baitu Eskola Kirola eskualdean.

Datu honek eskola orduz kanpo haur eta gaztetxoek egiten dituzten jardueren artean nagusi bihurtzen du Eskola Kirola. Hortik, besteak beste, bere garrantzia. Denera, 130 talde et a66 entrenatzaile aritzen dira Eskola Kirolean.

Nesken parte-hartzea gorantz doa urtez urte, poliki bada ere. Nesken %34m76k hartzen du parte Eskola Kirolean. Mutilen artean ehuneko hori %61,63 da.

Eskola Kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun, urteotan guztiotan egin den lanari esker entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira gaur egun.

Oiartzungo datuak

Oiartzunen 22 talde daude (221 haur), Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde Herri Eskolan. LH 3. eta 6. maila arteko ikasleak dira guztiak.

Adin-tarte horretan dauden ikasle oiartzuarren %47,53k egiten du Eskola Kirola. Ikasturte horietan matrikulatuta dauden nesken %37,44k egite ndu Eskola Kirola (eskualdean baino pixka bat gehiago). Eta mutilen artean, %47,53k.

Epaileak

2019-2020 ikasturtean, epaileak edo arbitroak koordinatzeko lana Eskola Kiroleko egiturak berak egingo du, beti ere, kirol elkarteekin elkarlanean eta azken horiei lana errazteko helburuarekin. Orain arte eginiko lan onari jarraipena emateko asmoz, aurten epaile guztiek, formazio bateratu eta amankomun bat jaso dute, gure eskualdeko Eskola Kirolak sustatzen dituen jarrera eta balio egokiak haurrei helarazten lagundu dezaten.

Horretarako, epaile orok peto bat eramango du soinean, atzealdean lau esaldi hauetako bat idatzia izango dute:

- Errespetuz jokatu!

- Mugitu, jolastu, hezi!

- Eskerrik asko animatzeagatik!

- Denok gara Eskola Kirola!

Bestalde, partida hasi aurretik, epaileek beren burua aurkeztuko diete entrenatzaileei, zelai erdira hurbildu, eskua eman eta partidari hasiera modu naturalean emateko moduan.

Bukaeran, bai entrenatzaile, bai epaile zein bi taldeetako haurrek elkarri eskua emango diote, arerio eta etsai izatea ez baita gauza bera.

Gurasoentzako deia

Datu esanguratsuenak aipatzeaz gain, gurasoentzako bi mezu bidali dituzte Oarsoaldeko zinegotziek. Batetik, Eskola Krirolean aipatutako baloreak lantzen diren heinean, orain arte bezala jokaera eredugarria erakusten jarraitzera animatu dituzte gurasoak eta haurrak bai kantxatan, baita harmailetan ere. Bestetik, auto partikularra alde batera utzi eta partidatara joateko bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko ahalegindu daitzen eskatu diete.

Kirol aniztasuna eta berdintasuna

Eskola Kirolaren filosofia nagusia kirol aniztasuna da. 8-12 adin tartean, kirol bat baino gehiago ezagutu eta lantzeko eskaintza onuragarria da neska-mutikoentzat. Hainbat kirol ezagutu eta gustukoenak hautatzeko aukera izan behar dute haurrek.

Bestalde, neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen ari gara nesken praktika fisikoa sustatuz eta kirol munduan bere lekua aldarrikatuz.

Beraz, Oarsoaldean garatzen ari garen Eskola Kirolaren eredua eta egitasmoa oso garrantzitsua da euskararen normalizaziorako eta pertsona gisa hazteko.

Oarsoaldeko lau herrietan, gainera, Eskola Kirolaren egitura, koordinatzaileengandik hasi eta entrenatzaileenganaino profesionalizatuta dago. Lan kontratua eta gutxieneko kirol prestakuntza bermatzen zaie entrenatzaileei.

Hori horrela izna dadin ikastetxeek eta udalek egiten duten esfortzua nabarmendu eta balioetsi dute zinegotziek. Eskola Kirolaren kalitate ona bermatzen laguntzen du honek eta aurretik aipatutako guztiak.

Gehigarriak

Eskola Kirolan 22 talde osatu dira Oiartzunen ikasturte honetan