Euskara ikastea sekula baino errazagoa eta merkeagoa Oiartzunen

Udalak eta AEK-k beka sistema berria baliatzeko deia egin dute

Euskara ikasteko sekula baino erraztasun gehiago izango dituzte 2019/2020 ikasturtean oiartzuarrek. Udalak B2 maila arte euskara dohainik ikasteko aukera emango die oiartzuarrei, bere gain hartuko baitu ikasturtearen gastuaren %100a. B2 mailatik goitiko iksaleei ere laguntza emango die Udalak: matrikularen %50a guztiei finantzatuko die eta %70a bitarteko laguntza jasoko dute sektore jakin batzuetako lagunek (gurasoak, hezitzaileak, merkatari eta ostalariak...).

Josu Delgado Euskara zinegotziak, Aitziber Arnaiz Euskara teknikariak, Jon Diaz de Mendibil Intxixu AEK-ko zuzendariak eta Saioa Ballesteros Intxixu AEK-ko irakasleak "Udalaren beka sistema berria baliatzeko" deia egin diete herritarrei, "euskara errazago eta merkeago ikasteko aukera hau ez galtzeko".

Intxixu AEK-ren ohiko eskoletan maila hauek eskainiko dira: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Maila gehienetan goizez zein arratsaldez eskainiko dira taldeak. Izen-ematea hilaren 30a arte dago irekita, Intxixu AEK-ren bulegoan (Fermiñene etxea, 1. solairua). Ikasturtearen hasiera urriaren 1ean izango da.

AISAn izen-ematea, laster

AISA, etorriberrientzako oinarrizko ikastaroa ere eskainiko du aurten Udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearekin elkarlanean. AISA Euskal Herritik kanpoko 16 urtez goitiko herritarrei eskaintzen zaie, euskarara eta euskal kulturara oinarrizko hurbilpena egin dezaten.

Oiartzungo kasuan, urriaren 1etik 10era izango da izen-ematea, Euskara zerbitzuan (Fermiñene etxea, behea) edo Intxixu AEK-n.

Sei euroko kostua izango du matrikulak eta astean lau orduko eskolak izango dira, urriaren 21etik otsialaren 14ra (eskola eguna eta ordutegia ikasleekin adostuko da). Intxixu AEK euskaltegiko irakasleak izango dira saioak emango dituztenak.

Gehigarriak

Euskara ikastea sekula baino errazagoa eta merkeagoa Oiartzunen