Enekoitz Markos, Kirol zinegotzia: Jarduera fisikoa egiteko aukera eta erraztasunak ematen ari gara ttikatik hasi eta helduenetaraino

Enekoitz Markos Azpirozek 32 urte ditu. Ugaldetxokoa da, nahiz eta orain plazan bizi den pisu partekatu batean. EHUn Enpresaritza ikasketak egin zituen. Udaletxeko Etxebizitza Bulegoan egin zuen lan eta gaur egun, EuskoTreneko gidaria da.

OKEko kirola izan da urte luzetan eta Aitor Txikiren omenezko xanistebanetako futbito txapelketaren antolakuntzan ere aritua da.

Udalean, Kirol zinegotzia izango da beste lau urtez, EH Bildutik. UEMAn ere ordezkatuko du Oiartzungo Udala.

Kiroletan ez da zinegotzi aldaketarik izango. Zergatik onartu zenuen beste lau urtez ardura honetan jarraitzea?

Batez ere, taldearen parte batek jarraitzen zuelako. Garrantzitsua zen Jexuxek (Leonet) eta Eneritzek (Arbelaitz), karrotik gehien tiratzen dutenek, jarraitzea eta beste batzuek jarraitzea ere perfektua zen. Zentzu politiko guztia dauka jarraipena edukitzea proiektuak lan pendienteak bukatzeko eta, sartzea indar eta ilsio berria. Gustatuko litzaidake etorkizunean ere halako ibilbide edo eredua mantentzea.

Zein sentsazio dauzkazu hasi berri den legegintzaldian?

Onak. Hasieran pixka bat arraroa da aurpegi batzuk ez egotea talde-bileretan. Orain gehiago gara eta elkar ezagutzen ari gara. Ikusten da sartu berri direnak ilusioarekin daudela eta egia esan, lehendik gaudenak ez gara geratu. Sentsazio onak dira.

Zein da aurreko legegintzaldiaz egiten duzun balorazioa?

Orokorrean, ona. Uste dut udal talde bezala lan ona egin dela. Lan asko egin dugu, barrutik ikusita behintzat. Kirol arloan, zailtasun batzuk izan ditugu teknikariak aurrera eta atzera ibili zaizkigulako eta proiektu potoloak izan ditugulako, baina saiatu gara ahal den lan onena egiten. Orain, lau urteko esperientziarekin eta teknikariaren kontua finkatzen badugu, ikusita jendeak ezagutzen gaituela eta gehiago garela lanerako, iruditzen zait jarraipena eman daitekeela hobetzeko eta gauza gehiago egiteko.

Aipatu dituzu "pendiente" geratu diren proiektuak badaudela...

Sartu ginenean sail guztietan planteamendu bera egin genuen: udal eraikinekin, auzoetan eta Kiroletan ere bai. Epe luzerako ikuspegia eta jarraibidea izatea zen asmoa, ez mugatzea urtebetera edo lau urtetara. Kirolean azpiegitura garrantzitsu asko dauzkagu, oso handiak: Madalensoro kasu, Elorsoro kiroldegia, Ugaldetxoko futbol zelaia, kanpoko igerilekua... Handiak eta oso egokiak dira, baina mantenu lanak behar dituzte. Berritze lanak egin ditugu Elorsoro kiroldegian, Madalensoron, Ugaldetxoko zelaian, Arraguako pilotalekuan... Baina pendiente daukagu Ugaldetxoko futbol zelaian egoera kaxkarrean dauzkagu belar naturaleko instalazioak moldatzea eta txukuntzea. Proiektua egin behar dugu, horretan ari gara. Kostu garrantzitsua izango du. Udako igerilekuan ere obrak egin beharko ditugu. Badaude egitekoak.

Herri kirolak sustatzea aurreko legegintzaldiko herri programan aipatu genituen, baina kosta egin zaigu asmatzea. Egin nahi dugu horrekin lotuta zerbait, gaztetxoekin-eta. Bestetik, berriz kiroldegiaren kudeaketa lehiaketa izango dugu datozen urteetan. Pasa den legegintzaldian epe motzeko lehiaketa egin genuen eta orain, ikusik ze gabezia dauzkagun, moldatu egin beharko dugu. Elkarteen arteko antolaketak sortu dira, futboletan eta pilotan kasu, eta horien lanketarekin ere jarraitu behar dugu.

Nolakoa da kirol elkarteen eta Udalaren arteko harremana?

Denekin saiatzen gara ahalik eta harreman zuzenena izaten eta batzuekin oso gertukoa da. Beste batzuekin harreman gutxiago daukagu, baina teknikariarekin asko egoten dira eta urtean hiruzpalau bilera egiten ditugu Udal Kirol Aholku Batzordean (UKAB). Elkarteek edozer dutenean deitu, galdetu... dezakete. Uste dut hori dela gure sekretua, desberdin egiten gaituena, eta lortzen dugula neurri handi batean.

Diru-laguntzen ordenantzak eragin dio Kirol sailari ere. Eragin handia izan al du?

Kiroletan bagenituen aurretik irizpide batzuk finkatuak elkarteekin. Horrek erraztu du prozesua. Urteroko funtzionamendu gastuetarako ematen den diru-laguntza aurretik egina genuen. Nahiz eta gauza batzuk aldatuko diren eta lehenengo urtea izanik, kosta zaigun, uste dut aurretik eginak geneuzkan lanek dena erraztuko dutela.

Nolakoa da kirol arloaren panorama Oiartzunen?

Iruditzen zait ona dela. Kirol baino gehiago gustatzen zait jarduera fisikoa aipatzea. Gure saila ez da bakarrik mugatzen -nahiz eta oso garrantzitsuak diren- elkarte eta lehiaketara. Herri honetan jarduera fisiko asko egiten da: kiroldegian, elkarteetan, mendian, bizikletan, kalean... Bidegorria altxor bat da. Hor ere lanketa egin dugu zirkuitu bio-osasungarrien makinak jartzen, bidegorria luzatzen... Oiartzun oso herri kirolzalea da eta jarduera fisiko asko egiten da. Herria oso aproposa da jarduera fisikoa egiteko: bidegorria daukagu, instalazio itxi oso egokiak, mendia... Elkarte asko daude kirola egiteko ere. Abittu egitasmoa ere martxan jarri dugu, jarduera fisikoa egiteko zailtasun gehien dutenekin lanketa egiteko anbulatorioa, kiroldegia eta udaletxea uztartuz. Oraingoz kontentu gaude, baina jarraipena eman behar zaio proiektu honi. Ematen ari gara orokortasunean jarduera fisikoa egiteko aukera eta erraztasunak: ttikitatik hasi eta helduenetaraino.

Haurrekin ere esfortzu berezia egiten da, Eskola Kirola eta Eskola Pilotaren aldeko apustuarekin. Garrantzitsua al da adin horretan eragitea?

Egitasmo horiek ni zinegotzi izan aurretik martxan zeuden. Eskola Kirolatik gustatzen zait kirol aniztasuna lantzea eta Eskola Pilotak aldaketak izango ditu, herriko bi pilota elkarteek -Txost eta Oiarpe- hala eskatuta. Haiek elkarlanean egindako proposamen bat onartu du Udalak, baina kirol aniztasunean oinarrituta eta helburu pedagogikoarekin. Udaletxean Eskola Kirola eta Eskola Pilotako arduradunak daukagu, arduratzen dena hezitzaileek helburu pedagogikoa izan dezaten. Garrantzitsua da haurrekin lan egitea. Jarduera fisikoa oso garrantzitsua da, balore asko ditu. Heldutzean ohitura horiek mantentzeko garrantzitsua da haurrek jarduera fisikoa egitea, ez soilik alde fisikotik, baita ere sozializatzeko.

Uda nolakoa izaten da Kirol sailean?

Saiatzen gara denboraldia bukatzen denean, ekaina partean, dena itxita uzten. Abuztu bukaeran hasten gara antolatzen ikasturte berria, irailean hasten direlako elkarteak martxa hartzen, kiroldegia ere bai... Udara lasaixeagoa izaten da, baina beste gai batzuk izaten dira.

Gehigarriak

Enekoitz Markos, Kirol zinegotzia: Jarduera fisikoa egiteko aukera eta erraztasunak ematen ari gara ttikatik hasi eta helduenetaraino