Agustin Lekuona, Hirigintza zinegotzia: Hurrengo lau urteak nahiko intentsoak izango dira Hirigintza arloan

Agustin Lekuona Irastorzak 47 urte ditu. Karrikako Borrondegi baserrian jaiotakoa da, eta gaur egun ere auzoan bizi da.

Iksaketaz, ingeniari mekanikoa da. Aurretik beste zenbait lantokitan aritu ondoren, azken 10 urteetan Fagorren aritu da lanean, tartean, bost urtez Shanghain (Txina).

Artaso elkarteko bazkide da eta bere burua herriko zenbait elkartek antolatzen dituzten ekintzetan "laguntzaile" gisa definitzen du: Euskal Herriko Mus Txapelketa antolatzen, xanistebanetako pintxo lehiaketan, barrikote herrikoian, Karrikako festetan... eta "parte hartu, herrian antolatzen diren gauza askotan hartzen dut parte".

Oiartzungo udaletxean Hirigintza sailaren arduraduna izango da datozen lau urteetan. Horrez gain, Behemendin Oiartzun ordezkatuko du.

Hirigintzako zinegotzi izango zara. Animoso al zaude?

Bai, animoso nago. Erronka berri bat da eta asko gustatzen zaizkit erronkak. Gainera, herria hazten laguntzeko bada, are hobeto.

Zinegotzi izateko proposamenari baiezkoa emateko orduan, zer jarri zenuen balantzan eta zergatik erabaki zenuen baietz?

Duda asko izaten dira, balantzan gauza asko zeuden. Ibilbide profesionalean, nire ustez, orain arte beti hazten joan naiz eta ez nekien honek nola eragingo zuen: hori izan da zalantza gehien sortu dizkidana. Baina lantokian neukan lana ez zitzaidan oso gustagarria egiten, eta familiarekin hitz egin ondoren, erabaki nuen probatu behar banuen orain zela garairik onena. Askotan, gehiago damutzen zara egiten ez duzunaz egiten duzunaz baino, eta aurrera egitea erabaki nuen.

Kargu-hartzea nola bizitu zenuen?

Kuriositatearekin bizitu nuen.Polita izan zen. Nire izena entzun nuenean urduri jarri nintzen, baina eserita jartzean, berriz kalmatu nintzen.

Egunero egongo zara udaletxean. Lehenengo astea pasatu da. Zertan ari zara?

Ikasketa prozesuaren hasiera-hasieran nago, kokatzen, izenak ikasten -jende pila bat dago hemen, bakoitza bere ardurarekin-, nola funtzionatzen duen udaletxeak... Oraindik barneratzen ari naiz gauzak. Nire burua kokatzen ari naiz eta hurrnego lau urteak nola antolatu ikusten, hurrena etortzen denak bide bat jarraitzeko izan dezan. Ardura handia da, eguneroko lana hau izango baitut. Lan asko dator Hirigintza arlora, obra berriekin. Hurrengo lau urteak nahiko intentsoak izango dira. Udalaren aurrekontu gehiena arlo honetara joango da. Taldean biltzen ere hasi gara, astelehenetan bilera izaten dugu. Lehenengo saioak udaletxeko organigrama antolatzen joan zaizkigu. Nik uste ona dela hor zinegotzi berriak eta zaharrak elkartzea. Uste dut txarra izango litzatekeela zinegotzi guztiek batera martxa egitea udaletxetik haiek egindako lanari jarraipena emateko, erritmoa hartzeko... pertsonek adaptazioa behar baitute. Mantetzean, batez ere Jexux alkatea, niretzako oso ona da. 

Iñaki Pikabea izan da aurreko legegintzaldian Hirigintza arloaren arduraduna. Harremanetan al zaudete trasbase lana egiteko?

Bai. Hasieran, berak aurkeztu zidan jendea eta ze gai eramaten zituen, zeintzuk zeuden oraindik egiteko... Horren baitan ari gara lanean. Noizbehinka etortzen da Hirigintzara, zalantzak dauzkadanean hitz egiten dut berarekin...

Zeintzuk izango dira Hirigintzan lan-ildo nagusiak legegintzaldi honetan?

Proiektu nagusia Mendiburu 14 izango da. Orain martxan dauden lanak Arizmendi-enea,  Arraguako igogailua eta Elizalde Hotelaren ondoko espaloia eta sarrera dira. Segituan hasiko gara baita ere bidegorriko argiteria berritzen, Ertzainen koarteletik Altzibarreraino. Epe motzean martxan jartzeko daudenak dira Mendiburu 14, Talaia poligonoa txukuntzea, Ibarren semaforoak jartzea, herribide batzuk berritzea, Ugaldetxoko hoditeria berritzea -uda ondoren- eta biblioteka margotzea. Igerilekuan ere lurra aldatuko da, eta probak egiten ari gara. Aurten ez du denbora emango, baina datorren urterako egiteko asmoa daukagu.

Lan ttikiagoak, egunerokotasunean gauza asko sortzen dira Hirigintzan. Hemen lantzen dira batetik udaletxetik proposatzen diren obrak, udaletxeak berak sortzen dituen proiektuak, eta bestetik etortzen diren oiartzuarren eskaerak. Hemen arkitektoak eta teknikariak ditugu, eta horiek aztertzen dituzte eskaeren bideragarritasun teknikoak. Ezin denetan, soluzioak bilatzen ditugu, beti ere positiboki jokatzen saiatuz, ahal den heinean egingarriak izan daitezen. beste batzuk eguneroko obra ttikiak dira. Horietako asko brigadaren bidez egiten dira.

Hirigintza nahiko gai konplexua da eta asko ikusten dena. Errespetua ematen du horrek?

Errespetua noski ematen duela. Baina denok pertsonak gara, eta kexak-eta positiboki bideratu behar dira. Ikusi behar da gaia zer den, zein arau dauden... ahalik eta erantzun hoberena emateko. Batzuetan, ezetz esan behar izaten da, baina horretarako daude araudiak, betetzeko. Horren gainean egiten dugu lan. Garrantzitsuena jendeari erantzutea dela uste dut, eta hori izango da gure saiakera.

Gehigarriak

Agustin Lekuona, Hirigintza zinegotzia: Hurrengo lau urteak nahiko intentsoak izango dira Hirigintza arloan