Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Udalak

UEMAk eta Oarsoaldeko Euskara Batzordeak babesten dute kanpaina

Errenta aitorpena egiteko kanpaina datorren astelehenetik (hilak 8) uztailaren 1a arte izango da aurten Gipuzkoan. Aldundiko Ogasun sailarekin herritarrok dugun betebehar ekonomiko honetan euskara erabiltzera animatu nahi ditugu oiartzuarrak.

Diru-kontuak ere euskaraz egin daitezke eta erraza da. Lehenengo aldiz errenta aitorpena egin behar duten gazteei euskararen aldeko hautua egiteko eskatu nahi diegu, behin ohitura errazagoa delako euskara erabiltzen jarraitzea. Hala ere, orain arte pausoa ematera animatu ez diren gainerako herritarrak ere animatu nahi ditugu, uste dutena baino errazagoa eta ulerterrazagoa gertatuko baitzaie.

Iaz, errenta aitorpena egin zuten oiartzuarren %36,38k egin zuten euskaraz. 2004tik hona, asko hazi da errenta aitorpena euskaraz egiten duten oiartzuarren kopurua (%6tik &36,38ra), baina azken urteetan kopuru hori gutxi ari da hazten.

Aurten, UEMAko kide garen herriok berriz animatuko ditugu gure herritarrak euskaraz bizitzeko hautu hau ere egitera. Gainera, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak ere Oarsoaldeko lau herrietan kanpaina egingo du lehendabiziko aldiz, Paper kontuak, euskaraz nahiago kanpainaren baitan.

Errenta euskaraz egiten duten herritarren artean, herri bakoitzean otordu bana zozkatuko du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Parte hartzeko, www.oarsoarrak.eus-formulario digitala bete beharko da.

Egizu errenta aitorpena euskaraz!

Gehigarriak

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Udalak