Kirol Astean jarduera fisikoarekin lotutako 20 ekintza baino gehiago antolatu dira

Hilaren 9tik 16ra izango da Kirol Astea

Kirol Astea hilaren 9tik (larunbata) 16ra izango da aurtengoan. Enekoitz Markos Kirol zinegotziak, Karmele Irastorza Emarriko kideak, Itsaso Larretxea Laboreko kideak eta Mikel Lopez Abittuko orientatzaileak aurkeztu dute egitaraua.

Kirol Astearen helburua jarduera fisikoa erdigunera ekarri eta kirolaren beste alde batzuk bistaraztea da. Aurten, 20 ekintza baino gehiago antolatu dira Kirol Astearen baitan: mahai-inguruak, erakustaldiak, film-emanaldiak, hitzaldiak...

Udalak, ohi bezala, herriko eragileen laguntza izan du aurtengo Kirol Astea antolatzeko orduan ere. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Abittu; BPXSport; Elizalde Herri Eskola; Emarri; Girizia Mendi Taldea; Girizia Mendi Taldea-Intxixu Trail; Haurtzaro Atletismo Taldea; Haurtzaro Ikastola; Kirolaisi eta Labore Oarsori.

Kirol saria, Ane Asensio atletarentzat

IV. Kirol Saria Ane Asensio Telletxea atletak jasoko du. Kirol Saria emaitzengatik, ibilbidearengatik edo kirolaren alde oiartzuarrek eta Oiartzunen egindako lana errekonozitzeko ematen da Kirol Saria. Aurten, 200 lagunek baino gehiagok parte hartu dute Kirol Sariaren prozesuan. Guztira, 27 proposamen jaso dira. Horien artetik, Kirol Aholku Kontseiluak Asensio saritzea erabaki du.

Ane Asensiok atletismo egokitua egiten du. Gaur egun Lasarteko Ostadar Atletismo Taldeko kide da eta Mindaran dabil. Atletismoko ibilbidea Haurtzaro Atletismo Taldean hasi zuen duela lauzpabost urte. Momentu honetan, Espainiako txapelduna da kronometratuko frogan, kanporaketan eta taldekako slalomean. Iazko Espainiako Txapelketan, gainera, bi errekor hobetu zituen.

Horrez gain, aurten boccia kirol olinpikoa praktikatzen hasi da eta hanbikearekin entrenatzen jarraitzen du. Parte hartuko duen hurrengo lasterketa Lilatoia izango da (martxoaren 10ean, Donostian). Saskibaloian ere jokatzen du 17 urteko kirolari oiartzuarrak.

Kirol Aholku Kontseiluak Asensio saritzea erabaki du atletismo egokituan egiten ari den ibilbide bikainarengatik eta ezberdintasunak ez duelako geldiarazi.

EGITARAUA:

Martxoak 9, larunbata:

09:00-13:30: Eskola Kirolako jardunaldi berezia: dantza.

18:30: Emarriren ate irekiak haurrentzat, Kontzejupean.

19:30: Emarri dokumentalaren aurkezpena Ander Iriarte zuzendariarekin eta solasaldia Emarriko kideekin.

Martxoak 11, astelehena:

10:00-12:00: Tipi Tapa ibilaldi topaketa, bidegorriko komunetan.

17:00: Streetdance saioa, Kontzejupean.

18:00: Mendi buelta korrika, LH3-DBH2 arteko haur eta gaztetxoentzat.

Martxoak 12, asteartea:

10:00-12:00: Zirkuitu bio-osasungarrien inguruko ikastaro praktikoa, Txarako parkean (Ugaldetxo).

16:30-18:00: Eskola Kiroleko jardunaldi berezia: herri kirolak.

18:00-20:00: Txirrinden mekanika tailerra, Kontzejupean.

18:30: Hitzaldia:"Kirol elikadura" (Juanan Legorburu eta Xabier Leibar) Labore Oarson (Ugaldetxo).

Martxoak 13, asteazkena:

16:30-18:00: Eskola Kiroleko jardunaldi berezia: herri kirolak.

16:45-17:45: Gimnasia erritmiko erakustaldia, Kontzejupean.

19:00: Mahai-ingurua: "Mendi lasterketak", udaletxeko areto nagusian.

Martxoak 14, osteguna:

10:00-12:00: Nordic walking ibilaldia, Elorsoro kiroldegitik.

16:45-17:45: Hip hop erakustaldia, Kontzejupean.

19:00: Filma: Pumori, mendiaren alaba, udaletxeko areto nagusian.

Martxoak 15, ostirala:

16:45-17:45: Acrosport erakustaldia, Kontzejupean.

19:00: Kirol Saria eta Oiartzungo kirolariekin mahai-ingurua.

Martxoak 16, larunbata: 

16:00: Eskola Pilotako txapelketako finalak, Haurtzaro Ikastolako pilotalekuan.

17:00: Spinning maratoia, Kontzejupean. 

Gehigarriak

Kirol Astean jarduera fisikoarekin lotutako 20 ekintza baino gehiago antolatu dira